Bigarren urtez, San Juan jaiak ezin izango dira ospatu herritarrek nahiko luketen moduan. Horrek eragin zuzena izango du ostalariengan, eta, orokorrean, egoerarekin nekatuta eta etsita dauden arren, esperantza apur bat ere badute datozen egun hauetarako.
Arrasateko ostalarien elkarteak ez du nahi izan adierazpen ofizialik egin ez-jai hauetarako dituzten aurreikuspenen inguruan, baina bezeroak hartzeko gertu egongo dira herriko ostalari guzti-guztiak.
Aurreikuspen ez guztiz onak
Derrigorrez bete beharreko hainbat neurrik indarrean jarraitzen dute, eta, egoerak hala eraginda, ez dago ohiko jaietan ezagutu izan den moduko egitarau beterik. Eta, hain justu ere, herriko ostalariek uste dute horrek ere izango duela eragina euren tabernetan eta jatetxeetan jendea ibiltzeko orduan: "Ohiko jaietan egitarau zabala izan ohi dugu eta horrek ekarri izan du kalean jendea ia une oro ibiltzea jaietan. Baina aurten ere ezin izango dugu halakoekin disfrutatu, eta uste dut horrek eragina izango duela jendea kalean eta, beraz, tabernetan ibiltzeko orduan. Beste urte batzuetan baino mugimendu txikiagoa izango dugu", azaldu du Ezkiña tabernako Asier Antiak. Gaineratu du espero dutela, behintzat, terrazak beteta izatea. Eta afariak ematen dituztenen kasuan, gauerdira bitarteko aukera hori ere izango dute.
Irati tabernako Aitor Urizarrek gaineratu du urteroko moduan jendeak jaiegunak kanpora joateko ere aprobetxatuko dituela, eta horrek ere eragina izango duela kontsumoan. Eguraldi eguzkitsua bada jendeak inguruko hondartzetara joateko ere aprobetxatuko duela adierazi du Antiak, etsita.
Dena den, Urizarren esanetan, jaiegun hauei begira egin dituzten eskariak normalean baino zertxobait handiagoak izan dira, dagoeneko badituztelako, esaterako, hilaren 23rako eta 25erako bazkari batzuendako erreserbak eginda. Martxan jarraitzeko gogoz daude.