Maria Ubarretxena: "Kulturaren aldeko apustua irmoa da"

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko eka. 20a, 09:00
Maria Ubarretxena, Arrasateko alkatea, udaletxeko balkoian.

Herriko eragileak "oso gogotsu" zeudela dio; eurekin batera antolatu dituzte aurtengo ez-jaietarako ekitaldiak. "Hor ikusten da kulturarekiko gure herriak duen grina eta beharra", esan du alkateak.

Bihar hasi eta hilaren 26ra bitartean, herrian askotariko kultura eskaintzaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.

Aurten ere, jairik ez; 2022an izango dira?

Espero dezagun 2022an jaiak ospatu ahal izatea; izan ere, oso egun bereziak dira herriarentzat. Aurten ezin izango dira ospatu, baina kultura egitaraua egongo da, kulturaren aldeko gure apustua irmoa da.

Izan ere, ekitaldiak antolatu dituzue herriko eragileekin batera.

Joan den urtean, ekintza sinboliko bat egin zen; baina aurten, eragileak ekintza gehiago egiteko gogoz zeuden, eta Udala ere bai; betiere, protokolo guztiak beteaz eta arauak jarraituz, noski. Eragileak oso gogotsu zeuden, eta hor ikusten da kulturarekiko gure herriak duen grina eta beharra.

Ze aurrekontu bideratu duzue ekitaldi horietarako?

35.930 euro bideratu dira.

Baduzu jaietako ekitaldi kuttunik edo arrazoiren bategatik gustukoen duzunen bat?

Asko gustatzen zait 23ko gaua, orokorrean; nire ustez, oso herrikoia da, elementu eta sinbologia askorekin, oso berezia eta hunkigarria da.

Zer igarriko duzu bereziki faltan aurtengo ez-jaietan?

Bereziki, faltan igarriko dut askatasun gehiago eta, batez ere, jendea elkarrekin egoteak sortzen duen giroa. Baina uste dut gauden egoeran egonda egitarau kultural txukuna atera dugula denok elkarlanean.

Jaiegunak dira honako hauek mondragoetar askorendako. Kanpora eguzki bila... baina bertan gertatzera ere animatzen duzue jendea?

Noski; nahiz eta jaiak bere horretan ezin ospatu, adin guztietara bideraturiko egitaraua sortu da, elkarlanean, eta herritarrak animatu gura ditugu izango ditugun ekintzetan parte hartzera.

Sanjuanak dira jai nagusiak, baina udazkenean datoz Maritxu Kajoi, santamasak neguari ondoetorria egiteko... Horiek egingo dituzue aurten?

Uztailean Udazabal egitarauarekin ere aurrera egingo dugu, kultura bideratuz aire zabalean eta Arrasateko auzoetara. Pandemiaren aurkako txertaketa ere badoa aurrera, eta momentu honetan zaila da aurreikustea nola egongo garen udazkenean eta zer egin ahalko dugun, baina, alde horretatik, baikorrak gara eta espero dugu hobeto egotea eta ekintza gehiago egin ahal izatea.

Ze mezu bidali nahi diezu herritarrei?

Herritarrak animatu nahi ditut ekintzetan parte hartzera; betiere, osasun neurriak errespetatuz. Erantzukizunez jokatzen jarraitzea tokatzen zaigu.

Zuk zeuk zer egingo duzu egun hauetan?

Hainbat ekintzatan parte hartuko dut, kulturaz gozatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak