"Azken bi urteetan pilatzen joandako argazkien aukeraketa bat eta orain arte gordeta" izan dituen hiruzpalau irudi eskegi ditu Iñaki Bruña argazkilariak Udala auzoko Larrinetxe jateTxeko paretetan, eta gaur arratsaldean aurkeztuko ditu jendaurrean, baita Larrinetxen dituen lagunen aurrean ere.
Modu poetikoan ulertzen du berak erakusketaren funtsa: "Aurkezten ditudan argazkiak ez dira hausnarketa sakonetik irteten, eta ez diot teknikari ere behar baino gehiagoko garrantzirik eman izan nahi; asmoa gorantz begiratzeko ohitura goraipatzea da, gustuko dudalako hori egin, momentuko inpresioa harrapatu eta giroan zerbait dagoela sentitzea".
Imajinazioa askatzeko erronka botako die, hautatu dituen irudien bidez, Larrinetxera gerturatzen direnei, zeruko fenomeno naturalen arteko jokoa baliatuz "ekaitz usaina, lila koloreko lorearen gaineko tximeleta zuria edo zaldiz doan zeruko ehiztaria" iradokitzeko.