Elkartasun Eguna egingo dute zapatuan

Eneko Azurmendi 2021ko eka. 16a, 09:53

Harreman dendaren postua, 2020ko urriko baserritarren azokan.

Arrasateko gobernuz kanpoko erakundeek Elkartasun Eguna antolatu dute zapaturako, ekainak 19. Hala, baserritarren azokaren ondoan egongo dira, 9:00etatik 14:00ak arte. "Ibai-Arte tonbola bueltan da, eta bildutako dirua Indiako Ankur harrera-etxeko proiekturako erabiliko da", azaldu dute Harremanetik.

Pandemia egoera honetan, "justizia sozialak planetako eskualde pobreenekiko elkartasun apur bat gehiago" eskatzen dute, eta, testuinguru horretan, Arrasateko hainbat gobernuz kanpoko erakundek, besteak beste, Activos por un Mundo Solidariok, Harreman-Arrasatetik Mundurak, Mundukidek eta Sersok, XXII. Elkartasun Eguna egingo dute arrasatearrekin batera.

Pandemiaren ondorioz aurreko urteetako jarduerak murriztu diren arren, Ibai-Artek babestutako tonbola izaten jarraituko du. "Tonbola Ibai-Arte eta Harremanen ekimenez sortu zen, eta beti arrakasta izan duen arren, egin dezagun arrakastatsuago! Aurtengo tonbolan 200 bat sari izango ditugu, Ibai-Arteko dendetako ekarpenei esker, eta gainera, Ibai-Arte saria ere zozketatuko da. 300 euroko saria erosketa-baleetan, elkarteko edozein saltokitan produktuak erosteko", azpimarratu dute.

Tonbolarekin lortutako dirua Indiako Ankur proiektura bideratzen dute urtero eta aurten ere hala izango da. "Mumbai hirian kaleetan eta slumatan bizi diren berrehun neskatoren harrera-etxea da Ankur. Han, elikatzeaz eta arreta medikuaz gain, giza, lanbide eta adimen prestakuntza ere eskaintzen diete helduarora iritsi arte, garapen integrala emanez eta etorkizun duinerako prestatuz".

Bidezko merkataritza ere presente

Beste urtebetez, bidezko merkataritzaren presentzia ere izango da azokan, Harreman dendarekin. Era horretan, bidezko merkataritzako produktuak ezagutarazteaz gain, txokolate-jan bat eskainiko dute, dastatzera datozen pertsonei gozarazteko. "Pertsona guztien babes eta elkartasunarekin beste mundu hobeago bat posible egiten dugu", gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak