'Coaching' saioa zaldiekin, kohesioa eta elkar ezagutza ardatz hartuta

Eneko Azurmendi 2021ko eka. 15a, 14:49

Meatzerrekan zaldiekin egindako saioko argazkia.

Mendekotasun arazoak dituzten pertsonei laguntzeko sortutako Katearen Loturak elkarteak saio bat egin du asteburuan Meatzerrekan, "elkartea kohesionatzea eta elkar gehiago ezagutzea" helburu hartuta, "haien arteko estekak gertuago eta irmoago egon daitezen Debagoienean dauden menpekotasun arazoei aurre egin ahal izateko".  Hamar lagunek hartu zuten parte saioan.

"Goiz paregabea" igaro zuten elkarteko arduradun eta senideek zapatuan Meatzerrekan. "Haien buruekin konektatu eta datozen erronkei aurre egiteko tresna berriak ezagutu zituzten Sustraibarri Elkartearen Reflejo Caballo–Zaldien Isladak lantaldearen bidez eskainitako tailer honetan", azaldu dute.

Gaineratu dutenez, saio horietan zaldiak dira protagonista, "parte-hartzaileen emozio, inkongruentzia eta desirak islatzen baitituzte modu garbian, arrazoia eta ideiak alde batera utziz, ispilu batean bezala, norberaren barnea modu garbi batean islatuz".

Katearen Loturak elkarteko parte-hartzaileek, besteak beste, jariotasuna, pazientzia, lasaitasuna eta lankidetza on bat eman ahal izateko "beharrezkoak" diren komunikatzeko moduak landu zituzten ingurune "intimo eta natural" batean. "Parte-hartzaileetako batek esan bezala, bizitzaren bide hau, pazientziaren artea da", azpimarratu dute.

Elkartekideak, saioa bukatu ondoren, Meatzerreka inguruak ezagutu zituzten, hala nola, iturria edota Montxongoko koba, eguna "modu borobilean" amaitzeko. Bukatzeko, nabarmendu dute "lan handia" dagoela egiteko menpekotasunaren arloan Debagoienean, "baina pausuz pausu, bihotzaren indarrarekin eta pazientziaz, lortuko dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak