Itun politiko eta soziala lortzeko negoziazioen gardentasun falta salatu dute pentsiodunek

Eneko Azurmendi 2021ko eka. 7a, 14:44

Pentsiodunak Aurrera plataformak adierazi duenez, atzeratu egin liteke Espainiako Gobernuaren, CEOE-CEPYME patronalaren eta CCOO eta UGT sindikatuen arteko itun politiko eta soziala. "Negoziazio horietan parte hartzen ari diren eragile guztien gardentasun falta esanguratsua da", nabarmendu dute.

Azaldu dutenez, pentsioen gaiak bederatzi milioi pertsonari eragiten die Espainian eta Hego Euskal Herrian, berriz, 700.000 pertsonari. "Esan digutenez, lau gai negoziatu dituzte lehen fasean eta horiek adosteko zorian daude. Izenburuak baino ez dira argitaratu eta, beraz, letra txikitik, orain arte, ez dugu ezer zehatzik ezagutzen, eta horrek zuhurtasunez jokatzea eskatzen digu xehetasunez baloratzeko".

Hauek dira lau gaiak:

  1. Pentsio guztiei KPIa bermatuko zaiela baieztatzen da.
  2. Derrigorrezko erretiro aurreratuetan murrizketarik ez dela egongo aipatu dute. "Jose Luis Escriva ministroak bota zuena irakurrita, UGTko idazkari nagusiak neurri batean berretsita, murrizketak eta atzerapausoak egongo zirela pentsatzera bultzatzen zuen. Baina duela lau egun Escriva jaunak berriro esan zuen ez zela murrizketarik egongo".
  3. Erretiroa hartzeko legezko gehieneko adina borondatez luzatzea. "Antza denez, negoziatzaileetako inork ez du zalantzarik proposamena babesteko, baina ez dute zehaztu zer pizgarri edo konpentsazio mota eskainiko dioten".
  4. Jasangarritasun-faktoreari buruz nahita nahastea. "CCOOk eta UGTk duela egun batzuk esan zuten iraunkortasun faktorea indargabetzea adostuta zegoela. Baina handik gutxira, Escriva jaunak zehaztu zuenez, 'beranduenez datorren urteko lehen zatian' indargabetzeko konpromisoa baino ez dago. Gaineratu duenez, ez du presarik 2023ra arte etenda baitago".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak