Doke eskolakoak ez daude hontzari begira

Hasier Larrea 2021ko eka. 5a, 11:11

8 eta 11 urte artekoen antzerki emanaldiaren irudi bat, joan den astean (Irudia: Maider Alzelai).

12 eta 15 urte arteko aktoreek Amaiako oholtza gainean erakutsiko dute hilaren 15ean antzerki eskolako klaseetan urte osoan ikasitakoa; kurtsoen arrakasta ikusita, udalekuak egingo dituzte uztailean, baita helduentzat ikastaroa ere, irailean eta urrian.

Gaztetxoei begirako ikastaroak eskaintzen hasi zen joan den udazkenean Doke antzerki taldea. Hala, 8 eta 11 urte arteko lau talde eta 12 eta 15 urte arteko talde bat osatu zituen. Orain, ikasturte bukaera bete-betean, aktore sena jendaurrean erakusten ari dira ikasleak; talderik gazteenak gertukoen aurreko emanaldiak egiten hasi ziren joan den asteburuan, Dokeren lokalean, eta beste horrenbeste egingo dute asteburu honetan.

Aldiz, hemendik bi martitzenetara, hilaren 15ean, publikoki estreinatuko du talderik zaharrenak Lapurreta nesken institutuan izeneko obra propioa. Emanaldi hori Amaia antzokian hasiko da, 18:00etan, eta, sarrerak Dokek berak banatuko dituen arren, leihatilan ere eskuratu ahalko dira, egunean bertan.

Maider Alzelai arduratzen da bost taldeotako kideak formatzeaz. Irakasleak nabarmendu du ikasleak "euren borondatez" joaten direla klaseetara, eta, alde horretatik, datorren ikasturtera begira "jarraitzeko asmoa dutela jakiteak" bide onetik doazela erakusten dio.

Gazte gehiagori ere tokia egin nahi diote; horretarako, udalekuak antolatu dituzte ekainaren 28tik uztailaren 23ra bitartean, eta oraindik zabalik dago izen-emate epea: "Partaide bakoitzak bost egunez izango du sormenez jositako ekintzak probatzeko aukera, gero sakondu nahi duen jakiteko balio izango diona".

Izan ere, gazteei begirako ikastaroek jarraipena izango dute datorren kurtsoan, eta izen-ematea jadanik irekita dago. Antzezlanen prestaketa, ahozko zein gorputz adierazmena, sormena eta pertsonaren alderdi artistikoa landuko dituzte, "guztiak modu ludikoan, talde-lanean eta euskaraz".

Helduentzat, irailean eta urrian

Helduentzako tailer trinkoa ere egingo dute, lehenengoz. Borja Ruizek gidatuko ditu saiook, iraileko ostiraletan, 16:30etik 20:30era, eta urriko zapatuetan, 10:00etatik 13:00etara. "Laster" irekiko da izen-emate epea.

Hiru ekimenetakoren batean izena emateko, dokeikastaroak@gmail.com-era idatzi edo 665 11 85 72 telefono zenbakira deitu beharko dute interesatuek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak