Puntu bila jarraitzeko, atseden hartzera etxera

Xabier Urtzelai 2021ko eka. 4a, 13:00

Ruiz de Azua, joan den zapatuan, Europako txapelketan langa gainditzen.

Selekzioen arteko Europako txapelketan bigarren sailkatu eta gero (4,35) Malen Ruiz de Azuak muzin egin dio Panamericano txapelketa jokatzeari: "Nahiago dut atseden hartu eta Espainiako Txapelketa prestatu, hilabete betea dut aurretik".

Kartutxoak alperrik erretzen ibiltzea baino askotan komenigarriagoa izaten da atseden hartzea. Polonian zilarrezko domina irabazi berritan (4,35) Ruiz de Azuak GOIENAri aitortu zion zalantzati zegoela, Huelvara zuzen bidaiatzea ala etxera itzultzea ziren eskuartean zituen bi aukerak, eta Valentzia Sport taldeko kirolariak gurago izan du egun hauek atseden hartzeko baliatu: "Astelehen gauean itzuli nintzen Poloniatik, eta egia esan, hori da halako txapelketek izaten duten gauzarik txarrena, batera eta bestera ibili behar izatea. Hala, Panamericano txapelketan izena eman nuen [Atzo, eguena, hasi zuten txapelketa hori Huelvan] jakin gabe Europakoan zer nolako lana egingo nuen, baina pozik geratu naiz Europakoan egindako lanarekin, puntu kopuru polita lortu dut (80 puntu), eta garbi daukat Huelvara joango banintz oso denbora gutxi izan behar nuela hitzordu batetik bestera errekuperatzeko, pare bat egun ez dira gorputzari buelta emateko nahikoa".

Izan ere, Europako txapelketa absolutuko zilarrak pozik utzi du atleta arrasatearra: "Ez nuen nahi moduko marka egin, baina txapelketak zuen formatu bereziak zaildu egiten zuen hori, lau nulu bakarrik egin zitezkeelako. Oso pozik nago egindakoaz".

Hitzorduz betetako hilabetea

Hala, hitzorduz betetako hilabetea dauka arrasatearrak, eta indarrak dosifikatzea ezinbestekoa da: "Asteburuan Durangora joango naiz Euskadiko Txapelketara. Gero, hurrengo asteburuan Valentziara joan beharra daukat liga amaierako jardunaldia izango dudalako klubarekin, eta ekainaren 26ko eta 27ko asteburuan Espainiako Txapelketa absolutua izango dugu Getafen. Hilabete betea izango dut eta indarrak gordetzea komeni zait".

Olinpiar Jokoetarako puntu bila

Ruiz de Azua abuztuan Tokion egingo dituzten Olinpiar Jokoetarako puntuak batzeko lanean dihardu. Dagoeneko atleta kopuru politak lortu du gutxieneko marka: "Baina horiekin batera sei-zazpi atletak puntuazio sistema baten bidez lortuko dute Olinpiar Jokoetara sailkatzeko txartela, eta hori da helburua. Hala, Europakoan zilarra batuta 80 puntu batu nituen. Asteburuan, esaterako, Euskadiko txapelketan beste 15 puntu eramango ditu irabazleak, eta Espainiako txapelketan ere puntu kopuru polita egongo da jokoan. Erronka zaila da, baina gure eskuan dagoena egingo dugu hor egoteko".

Euskadiko txapelketa, asteburuan Durangon

Debagoieneko atletendako gainean daude aire libreko hitzordu nagusiak. Oraingo asteburuan bertan jokatuko dute Durangon Euskadiko atletismo txapelketa, eta bailarako zenbait atleta sailkatuta daude bertarako. Pertikan, aipatutako Malen Ruiz de Azuarekin (4,47) batera Maialen Axpe (4,12) atleta arrasatearra ere izango da. 400 metrotan lehiatuko da Arrasate Kanpanzar taldeko Ainara Lopez Rubio (01.02); 100 metroko lasterketan izango dira, besteak beste, Ibai Fernandez (10.88), eta Aitor Uranga (11.27). Mikel Agirre luzera saltoan izango da (6,92); Eta, 1.500 metrotako probarako Aloña Mendiko Jon Presa oñatiarra sailkatu da (04.12).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak