Internazionalismoa berbagai, domekan, gaztetxean

Eneko Azurmendi 2021ko eka. 1a, 14:20

Askapenako kideek Internazionalistak garelako, lehen urratsa Euskal Herria hitzaldia egingo dute ekainaren 6an, domeka, Arrasateko gaztetxean, 18:00etan hasita. "Beti hala izan bada ere, garai bereziki zailak bizi ditugu
zapalkuntzarik gabeko mundu berri bat eraiki nahi dugunok. Garai zailak dira jendearen arteko harremanak gidatuko dituen oinarrizko printzipio etikoa elkartasuna izango den mundua nahi dugunontzat", azaldu dute.

COVID-19ari aurre egiteko aplikatutako politikek, Askapenako kideen esanetan, "kapitalismo heteropatriarkalari lotutako sintoma guztiak biderkatzea eta bizkortzea" ekarri dute. "Beldurra giza-harremanen zirrikitu guztietan zabaltzen da; 'ahal duenak bere burua salba dezala' lelo famatuari segika, lehia biziak edozein kolektibitate-zantzu mehatxatzen du. Osasun-arazo orokor bati irtenbidea aurkitzea bezain oinarrizkoa den zerbait, merkatuko lege basatienek gidatu dute, kolpe, mehatxu eta pelotazoen laguntzaz. Mundua gelditu dela sinestarazi nahi digute, eta harekin batera guk ere gelditu behar dugula, langile-klasearen aurkako mundu mailako erasorik handiena burutzen ari den bitartean, eta esku-hartze inperialistek eta euren askapenaren alde borrokan diren herrien aurkako errepresioak jarraitzen duten bitartean", azpimarratu dute.

Hori dela eta, internazionalismotik "gure herria eta munduko gainerako herriak askatzeko borrokatzen" jarraituko dutela ohartarazi dute. "Gaur inoiz baino gehiago, eta egungo erasoari aurre egiteko, internazionalismoa borrokarako ezinbesteko tresna dela uste dugu. Izan ere, orain, ofentsiba kapitalista betean, inoiz baino beharrezkoagoa da ezarritako botereari hainbeste min ematen dioten harreman horiek elikatzen jarraitzea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak