Elurra enpresak jarraituko du bide publikoan utzitako animalien kargu egiten

Eneko Azurmendi 2021ko eka. 1a, 12:31

Arrasateko Udalak Residencia Canina Felina Elurra enpresari esleitu dio berriro bide publikoan utzitako animaliak jasotzeko zerbitzua, 7.840,8 euro ordainduta (BEZa barne). Bergarako enpresak 2017tik egiten du zerbitzu hori, "eskatzen dioguna betetzen duen bakarra baita, hau da, 24 orduko zerbitzua, 365 egunekoa eta txakurra bi ordutan jasotzea", azaldu du Victoriano Fuentes Obra, Zerbitzu, Mantentze eta Auzoetako zinegotziak.

Fuentesek helburu "argia" du: zero hilketa. "Honek esan nahi du, Elurra aterpetxean sartzen diren bide publikoan utzitako animaliak egoitzan mantenduko direla, hil gabe, justifikatutako salbuespenezko kasuak salbu. Esan gabe doa animaliak behar bezala zaindu behar direla egonaldiak irauten duen bitartean, familia berri batek adoptatu arte".

Elurra enpresaren lehen lana, Fuentesen esanetan, aurkitutako animalia jabeei itzultzea da eta, ezinezkoa bada, adopzioan ematen saiatzea. "Zorionez, adoptatu nahi duten pertsonen zerrenda luzea du". Era berean, Bergarako aterpetxean familia baten bila jarraitzen duten beste animalia asko daudela gogorarazi du. 

Gaineratu du adoptatutako txakur bat entregatzen dela txertaketa-kartilarekin, mikrotxiparekin eta zikiratuta, eta horrek gastuetan aurreztea dakarrela. "Horrez gain, aukera berri bat da, bizitza berri bat, etxe bat eta familia bat, eta behin betiko etxe batek egiten dien ongia ikaragarria da". 

2020an, 16 txakur

Fuentesek adierazi duenez, 2020. urtean 16 txakur jaso dituzte. "Diferentzia aipagarria da aurreko urteekin alderatuta. Azken sei urteak aztertuta, 2016an, 41 txakur aurkitu ziren bide publikoan; 2017an, 47 txakur eta data horretatik aurrera, murriztu egin da kalean etxerik gabe zeuden txakurren kopurua: 2018an, 31 txakur utzi zituzten, eta 2019an, 23".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak