Sarrera guztiak salduta, 264 laguneko publikoarekin, aramaioar ugari batu dira Amaian, herriko musikariaren lanaz gozatzeko. Ilun eta abar diskoa aurkeztu du Arrasaten bandaren laguntzarekin, eta euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez entzun ahal izan zaio abesten Idoia Asurmendiri. Pianoa eta gitarra ere jo ditu kantu batzuetan eta publikoaren txalo zaparradak izan ditu lagun, abestien bukaeran.
Diskoko kantu berriak aurkezteaz gain, lan horretan agertzen ez diren beste pare bat kantu ere abestu ditu, bateren batek oraindik izenburua ere zehaztu gabe daukala adierazi du artistak, baina guztiak ere publikoaren gustukoak izan dira.
Bertsio batzuk ere taularatu ditu. Silvio Rodriguezen Ojalá esaterako, oso modu intimoan eskaini dute eta publikoa abesten jartzea ere lortu dute. Beste kanturen batean, mugikorretako linternak ere erakutsi dituzte entzuleek.
Bitxikeri moduan, Asurmendik azaldu du, bere gitarran betidanik izan duela The Beatles taldearen eranskailu bat, eta urtetan ez diotela entzuleek horri erreparatu. Baina, kendu duenean, guztiak galdezka izan dituela ea bere gitarra den eskuartean duena. Horregatik, gaineratu du bere errepertorioan sartu behar izan duela taldearen abesti bat: Eleanor rigby, hain zuzen.
Bideoan, diskoko lehenengo aurrerapen kantua entzun daiteke, Aulki jokoa. Institutuan ezagutu zuen Maria Oses arrasatearrarekin sortu zuen lehen abestia izan zen hori.