Ondo ezagutzen dituzten bi talde gonbidatu dituzte Koolturreko antolatzaileek, Arrasaten, eta bereziki gaztetxean, behin baino gehiagotan egonak baitira Rukula eta Willis Drummondekoak. Lehen taldeak Kooltur Domekak eskaintzaren baitan joko du, eta bigarrenak, denboraldia agurtzeko emanaldi berezian. Talde horretako Xan Bidegain baxu-joleak aipatu du "ilusio handiz" jaso zutela mezua, Arrasaten harreman "hurbil eta onak" uztartu dituztelako beti.
Abendua ezkero, egoera berrira moldatutako "dozena inguru kontzertu" eskaini ditu Lekornen ereindako bandak. Eszenaratzea eta errepertorioa moldatu behar izan dute, "arraroa" egiten zitzaielako ikusleak eserita dauden bitartean "bolumen, argiztapen eta izerdiz jositako ohiko ikus-kizunekin" jarraitzea.
Laukotea osatzen dute orain, Vincent Bestaven Botibol musikaria batu baitzaie gitarrak, teklatuak eta koruak osatzera: "Abestiak bizkor ikasiko zituen norbaiten bila ari ginen, eta Felix Buff gure bateria-jolearekin batera aritutako pertsona hori egokia zela iruditu zitzaigun; bera ere gustura dabil gurekin". Formazio berriarekin, kantuak "modu lasaiagoan" aurkezten hasi ziren, beraz.
Datorren eguenean igoko da Willis Drummond Amaiako oholtzara, 19:00etan hasita. Koolturren hamargarren urteurren gorabeheratsuari agur esateko kontzertua izango da; antolatzaileek, Udalarekin elkarlanean, herriko kultura areto nagusian programatu dute emanaldia oraingoan, gaztetxean sartu ezingo ziren musikazale askok emanaldiaz gozatzeko aukera izan dezaten.