Aita Menniko langileek greba egingo dute eguaztenean

Uxue Igarza Loiola 2021ko mai. 24a, 17:27

Ospitaleko langileek bi greba egun iragarri dituzte ELA sindikatuaren babespean: bat eguazten honetan eta bigarrena ekainaren 16an. Hala, azken bi horiekin bost izango dira guztira langileek egingo dituzten lanuzteak.

ELA sindikatuak salatu duenez, Aita Menni ospitaleko zuzendaritzak ez die erantzunik eman, eta langileen baldintzak ez dira hobetu: "Hiru urte igaro dira negoziaketa martxan jarri zenetik. Langileen lan baldintzen kontura negozioa egiten jarraitzen du zuzendaritzak eta ez dauka inolako interesik kolektiboaren aldarrikapenei erantzunak emateko".

Horren harira, sindikatuak gehitu du azken urtean 1,7 milioi euro baino gehiago fakturatu dituela Aita Mennik eta azken lau urteetan 10 milioi eurotako inbertsioak egin dituela. "Bitartean, sekulako lan kargak dituzte langileak, errotazio ikaragarria dago eta prekarietatea euren azaletan bizi dute", azaldu du. Hala, asteazkeneko mobilizazioetara batzeko dei egin dute: 7:30ean pikete informatiboak egingo dituzte ospitalean, 11:30ean mobilizazioa Arrasateko plazan eta 14:00etan elkarretaratze zaratatsua ospitalean. Bestetik, adierazi dute Gipuzkoako pentsiodunek egingo duten bizikleta martxaren amaieran ere, 
pentsiodunek Aita Menniko gatazkarekiko babesa agertuko dutela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak