Behin igoera lortuta, liga irabazteko erronka dute

Eneko Azurmendi 2021ko mai. 21a, 11:46

Mondrateko jokalariak, zapatuan, Hirugarren Mailarako igoera ospatzen, Otalora Lizentziaduna kaleko iturrian.

Areto-futbolean, dagoeneko Hirugarren Mailako taldea da Mondrate. Balentria hori azken aurreko jardunaldian lortu dute, eta orain, ligako txapeldun izanda borobildu gura dute denboraldia. Horretarako, baina, liderra menderatu beharko dute bihar, zapatua, Portugaleten.

Jarrilleros Peñota Dental. Talde hori garaitzea dute helburu arrasatearrek bihar, zapatua, 16:30ean jokatuko duten partiduan. Modu horretan, igoerari, ligako txapeldun izatea batuko litzaioke. "Oso pozik gaude igoerarekin, baina erronka polita da liga irabaztea ere, eta ea aukera daukagun horretarako", azaldu du Jon Zabalak, taldeko entrenatzaileak.

Taldeari eutsi gura diote

Datorren denboraldira begira, Zabalak nabarmendu du "garbi" dutela taldeak hobeak izango direla Hirugarren Mailan. "Baina gure jokoarekin lortu dugu igoera eta gure jokoarekin jarraituko dugu datorren denboraldian ere. Kolperen bat edo beste jasoko dugu, agian, baina gure izaera hori da eta horri eutsiko diogu. Helburu nagusia izango da taldea mantentzea, mailari eustea eta, aurrera begira, Hirugarren Mailan egonkortzea. "Jokalariek lortu dute igoera eta haiek dira protagonista nagusiak. Ez dugu taldea inork uzterik nahi".

Mondrateko hainbat kideren hitzak

Jon Zabala, entrenatzailea: "Nik esaten nuen talde honi mailaz igotzeko gaitasuna ikusten niola, eta horretarako izan dugun lehenengo aukeran lortu dugu helburua. Bihar beste erronka bat daukagu denboraldia borobiltzeko, ea irabazteko gai garen. Datorren urtean ea jokalari guztiek jarraitzen duten taldean, hori baita inportanteena guretzat".

Igor Murgoitio, jokalaria eta zuzendaritzako kidea: "Urte bikaina izan da, eta igoera lortzeko halakoa izan behar zuen; are gehiago, halako liga batean. Hala ere, erronka polita daukagu bihar, haiek oraindik ez baitute galdu partidurik. Datorren urtera begira, mailari eusten saiatuko gara, ahalik eta lehiakorrenak izaten, eta kantxan ahalik eta gehien gozatuz".

Xabi Gorroñogoitia, kapitaina: "Urtea ilusio handiarekin hasi genuen; jokalari berriekin oso familia polita osatu dugu, talde bikaina osatzeaz gain. Denboraldia aurrera joan ahala, igoeran sinisten joan gara eta, azkenean, lortu dugu. Bihar irabazita, sari potoloagoa lortu dezakegu, eta datorren urtean ikusiko dugu Hirugarren Mailan zer egiteko gai garen. Printzipioz, ez dugu helbururik zehaztuko eta joango gara ikusten".

Jokin Zeziaga, jokalaria: "Denboraldi osoan egindako lanaren emaitza da igoera, eta oso harro gaude. Lehen aldiz igo da Mondrate Hirugarren Mailara, eta hor jokatu ahal izatea ederra izango da. Oso talde onak egongo dira, baina guk ere gure onena emango dugu. Bide batez, nire familiari eskaini gura diot igoera, babes handia eman didalako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak