Gernikako arbola da bedeinkatua, euskaldunon artean guztiz maitatua. Horrela hasten da duela mende eta erdi Jose Mari Iparragirre olerkari urretxuarrak sortutako abestia. Askok Euskal Herriko ereserki nazionaltzat jotzen dute kantua, eta hain justu ideia hori garatzen du Jose Mari Esparza idazleak argitaratu duen liburuak.
Portaloikoak ere tesi horrekin ados daude: "Mota guztietako jendeak, ideologia guztietakoak, abestu izan du Ebrotik Aturrira, kultura, gizarte eta politikako mota guztietako adierazpenetan".
Hala, hitzaldia antolatu dute hurrengo asteko eguaztenerako. Gernikako arbolaren biografia izenburupean, Jose Mari Esparza berak hartuko du hitza Kulturaten, 18:30ean, "euskaldun denok hain maitea dugun kantu honen historia kontatzeko".
Hitzaldia girotzeko, kantuan
Portaloi Elkartea kantuzalez osaturik dagoela kontutan izanik, hitzaldia girotzeko Iparragirreren hainbat abesti kantatzeko aukera izango dute hitzordura agertzen direnek.