MUk agur esan dio ametsari (80-101)

Xabier Urtzelai 2021ko mai. 14a, 12:59
MUren eta Algineten arteko partiduko irudia. Angel Ayastui.

Lehenengo laurden izugarria egin eta gero (37-23) bazirudien MUk ez zuela gaur kontrariorik aurrean. Etxekoek dena egin dute ondo hamar minutu horietan, Alginet talde valentziarra sinistu ezinda zebilen kolpeak leku guztietatik zetozela ikusita, baina indarrak azkarregi xahutu dituzte arrasatearrek, eta valentziarren txanda etorri da orduan.  

Dinamika ezin positiboagoarekin hasi du MUk Algineten kontrako partidua. Eta atzoko porrotaren ostean hori ez zen erraza, baina moreak kapaz izan dira zerotik hasteko, indarrak berreskuratzeko eta erabat motibatuta kantxaratzeko. Lehenengo laurdena izugarria izan da, erasoaren aldeko apustu garbia, eta saskiratzeak bata bestearen ostean etorri dira: "Baina zer da hau! Zer da hau!!!", oihukatzen zuen, arrazoi guztiarekin, Twitch sare sozial bidez partiduaren kontakizuna egiten zebilen Gorka Alartziak.

Baina lehenengo laurdeneko kolpe gogor horretatik errekuratzeko kapaz izan dira valentziarrak, eta hurrengo hamar minutuetan arrasatearrek txakalaldi ederra pasa dute (9-24). Dena ondo egitetik partidua aldapa gora izatera pasa dira Arri-ren mutilak eta Valentziako taldea dinamikaz aldatzeko kapaz izan da, eta horren aurrean moreek ez dute erreakzionatzeko gaitasunik izan: "Lehenengo laurden horrekin geratzen naiz, hori da Ointxe!-ren jarrera. Gero ez dugu asmatu partidua irakurtzen eta Alginetek oso-oso maila oneko jokalariak zituen, zoriontzea baino ez zaigu geratzen". Hirugarren laurdenean ere valentziarrek arrasatearrek baino puntu kopuru bikoitza lortu dute (12-25) eta laugarren laurdenean Alginetek nahikoa izan du markagailuko aldeari eusteko ahalegina egitea. "Beste ikasgai bat da taldearendako, atzotik gaurrera izandako erreakzioarekin geratzen naiz eta aipatu moduan, egin dugun lehenengo laurdenarekin. Orain, biharko partidua prestatzera, ea irabazterik dugun", adierazi du Iñaki Ogara Arri-k. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak