Mondragon Unibertsitateak ez du igoera fasea ondo hasi. Lehenengo laurdenean makal hasi dira bi taldeak, urduri, baina Cuencako Globalcaja taldea hotz kantxaratu da eta arrasatearrak ondo gailendu dira lehenengo hamar minutuetan. Berez, fisikoki gehiago ziren Globalcajakoak, errebotean ondo ibiltzea erronka zen arrasatearrendako, eta lehenengo laurden horretan defentsan azpimarratzeko lana egin dute Ogararen mutilek (9-14), alegia, ezerezean utzi dute Cuencakoen erasoa. Are eta gehiago, epaileek oso eskuzabal jokatu dute faltekin, eta partiduaren lehen zatian hori ondo baliatu dute arrasatearrek. Hori bai, bigarren zatian, eskuzabaltasun berbera, kontran etorri zaie moreei, epaileek faltak kostata adierazi dituztelako, eta Cuencakoek etekin galanta atera diote horri.
Bigarren laurdenean Clobalcajakoak esnatu egin dira (18-14). Erasoan eraginkorragoak izan dira, aipatu moduan, bazirudien barruko jokoan egon behar zela moreen sufrikarioa, eta kontrara, hiruko saskiratzeekin aurreikusi baino min handiagoa egin dute Cuencakoek. Baina, hala ere MUkoak kontrarioari eusteko kapaz izan dir, eta lehenengo laurdenean lortutako puntu abantaila txukunaz baliatuta atsedenaldira indarrak parekatuta iritsi dira bi taldeak (27-28).
Baina, bigarren laurdenean ikusitako hori hurrengo bi laurdenetan gertatu behar zenaren aurrerapena izan da. 25-18ko partziala lortu dute Globalcajakoek eta tarteka markagailuko aldea txikitzea lortzen bazuten ere, MU ezinean ibili da bai bigarren eta baita hirugarren laurdenean ere (72-58).
Bihar, egubakoitza, beste aukera bat
Mondragon Unibertsitateko mutilek bihar, egubakoitza, beste aukera bat izango dute, 10:30ean hasita, Alginet taldearen kontra. Partidua twitch sare sozialean eskainiko dute Ointxe!-ko lagunek.