Muralaren gai nagusia Arrasateko industria izango da, hain zuzen, herriko industria tradizio eta jardueraren testigantza jasotzeko helburuarekin. "Ildo beretik, lehiaketaren helburua da Kulturola kultura lantegi baten ideiarekin lotzea eta artearen zein sorkuntzaren zabalkundean eragitea", azaldu du ohar bidez Udal Gobernuak.
Lehiaketan parte hartu ahal izango dute adin nagusiko norbanako artista zein taldeek eta lehiakide bakoitzak proposamen bakarra aurkeztu ahal izango du. "Taldeen kasuan, kideek ezingo dute beste proposamenik aurkeztu banaka".
Murala egiteko gehienezko aurrekontua, halaber, 5.000 eurokoa izango dela aurreratu du Gobernuak eta kopuru horren barruan jasoko direla produkzio gastu guztiak, hala nola, muntaia, makineria, materiala eta abar.
Ezinbesteko lau baldintza
Lehiaketara aurkezteko ezinbesteko baldintzak lau dira: muralaren diseinua lehiaketako oinarrietan zehaztutako kokaleku eta neurrietara egokitzea; denboran iraungo duten materialak erabiltzea; originala eta argitaratu gabea izatea eta norbanako edo taldeek murala gauzatzeko gaitasun eta kaudimen teknikoa izatea.
Azken hitza, arrasatearrek
Epaimahaiak hiru diseinu finalista aukeratuko ditu. Gero, Kulturaten erakusgai jarriko dituzte lanak, hiru finalistak eta beste guztiak, uztailaren 2tik 10era eta egun horietan zehar, 16 urtetik gorako arrasatearrek bozkatu ahal izango dute, Kulturaten bertan edo udal webgunean. Azkenik, uztailaren 18an emango dute irabazlearen berri eta, ondo bidean, irailean hasiko dira murala egiten.
Urtea amaitu aurretik, obrak bukatuta
Eraikinaren birgaitzea aurrera doa eta 2021eko azken hiruhilekorako obrak amaituta eta 2022ko lehen hiruhilekorako eragileak lekualdatzea aurreikusten du Udal Gobernuak.