Mondratek nahikoa du Leioaren aurka berdintzea igoera lortzeko

Eneko Azurmendi 2021ko mai. 13a, 19:44
Mondrateko hainbat jokalari eta Jon Zabala entrenatzailea, denboraldi hasieran, Musakolako kiroldegian.

Zapatuan 18:00etan jokatuko dute norgehiagoka erabakigarria arrasatearrek, Musakolako kiroldegian. "Oraindik ez dago ezer eginda eta lan asko egin beharko dugu igoera lortzeko, baina kontziente gara oso gertu daukagula eta puntu batekin helburua lortuko dugula", adierazi du Igor Murgoitiok, jokalari eta zuzendaritzako kide ere badenak.

Puntu bat lortuta, Hirugarren Mailako taldea izango da Mondrate. "Talde ona da Leioa. Bigarren B Mailako talde baten harrobiko taldea da eta horrek asko esaten du haien mailaz. Gauzak oso ondo egin beharko ditugu haiei irabazteko", dio Murgoitiok. 

Irabazi ezkero, gainera, liga bera izango dute jokoan datorren astean, lider dagoen Jarrilleros Peñota Dental taldearen aurka. "Daukagun guztia emango dugu geratzen diren bi partiduetan, baina disfrutatzen ere saiatu behar gara, horrelako partiduak ez dira-eta urtero jokatzen", gaineratu du arrasatearrak.

Azpimarratzekoa da lau jokalarik zuzentzen dutela taldea eta entrenamenduak prestatzez gain, arlo finantzarioa ere haiek eramaten dutela. "Iaztik esan izan dugu helburua zela jokalari nahikoa izatea taldea osatzeko. Iaz jende gutxirekin ibili ginen eta aurten, lortu dugu helburu hori, jokalari lehiakorrekin, gainera. Hori hala izanik, bagenekien gauzak ondo joango zirela eta hala izaten ari da".

Denboraldi bikaina egiten ari dira

Azken bi urteetan goranzko joera izan du taldeak, hobetzen joan izan da, eta aurten, Murgoitioren esanetan, hasiera-hasieratik igarri dute beste puntu bat zeukatela arrasatearrek, beste taldeekin alderatuta. "Ligaren lehen zatian, Gipuzkoako eta Arabako taldeekin, alde handia nabaritu genuen, haiek baino gehiago ginela partidu gehienetan. Hala ere, momentu batean ere ez gara erlaxatu eta oso emaitza onak lortu ditugu, hau da, kantxan erakutsi dugu gure maila. Taldeak hasieratik izan duen anbizioa nabarmenduko nuke".

Igoera fasera begira, zalantza gehiago izan zituzten hasieran. "Begenekien Bizkaiko taldeak oso onak direla eta gure mailatik gertuago egongo zirela. Hori dela eta, lehenengo fasean ahalik eta puntu gehien lortzen saiatu ginen eta lortu genuen. Igoera fasean, gainera, denboraldiko unerik txarrena bizi izan dugu, hiru partidu jarraian egon garelako irabazi gabe. Hala ere, bide onera itzuli, eta erakusten ari gara egiten ari garena ez dela kasualitatea".

Zaleei eta babesleei, eskerrak

Murgoitiok nabarmendu du azken urteetan geroz eta jende gehiago ari zela gerturatzen Mondrate ikustera, batez ere gazteak, eta "pena handia" dela hau guztia zaleekin ezin partekatu ahal izatea.

Horrez gain, babesleentzako esker hitzak ere izan ditu. "Sare sozialen eta kartelen bitartez laguntzen gaituzten babesle horiek barik ezinezkoa litzateke hau aurrera eramatea".

Azkenik, ateak zabalik dituztela adierazi du. "Oso talde txikia gara, kirol gutxitu batekoa eta jendea animatu gura dugu gurera hurbiltzeko. Oso kirol erakargarria da eta aukera bat merezi du. Gainera, talde berezia da gurea, gazte batzuek sortutakoa eta gaur egun ere gazteok ari garena kudeatzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak