Hainbat ekintza, bidezko merkataritza sustatzeko

Eneko Azurmendi 2021ko mai. 11a, 13:16

Harreman dendaren postua, 2020ko urriko baserritarren azokan.

Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna izan zen zapatuan eta, horren harira, Harreman Dendatik "bultzadatxoa" eman gura izan diote bidezko merkataritzari. Hori dela eta, datozen egunetarako hainbat ekintza antolatu dituzte. Hasteko, dendako kafe eta txokolateak saltzen egongo dira zapatuko baserritarren azokan.

Azokan, gainera, "txokolate gozo batzuk" dastatzeko aukera izango dute gerturatzen direnek, eta erosketa bat egiten dutenek tableta bat opari eramateko aukera ere bai.

Maiatzaren 18an, The Chocolate Case filma eskainiko dute Amaia Antzokian, 19:00etan. "Pelikulak kazetari holandar batzuek Afrikako kakao landa eremuetan bizi izandako esperientzia kontatzen du, eta horren ondorioz hartutako erabakiak azaltzen ditu. Filma benetan interesgarria da, eta momentu askotan, hunkigarria", adierazi dute.

Pelikula amaitu eta gero, gainera, zine-foruma egingo dute, Itsaso Sanchezen eskutik. "Medicos Mundi Arabako Komunikazio eta Eraldaketa Sozialerako teknikaria da. Gertutik ezagutzen du kakaoaren produkzioaren inguruko errealitatea eta horren berri eman eta pelikulari buruzko tertulia izango dugu berarekin".

Amaitzeko, maiatzaren 24an, Nekane Jurado Ekonomista eta Psikologo Klinikoak hitzaldia egingo du Kulturateko areto nagusian, 18:30ean. "Nekanek gai ugari ukituko ditu, bidezko merkataritza barne, eta ikuspegi kritikoa emango digu ekonomiari buruz. Hitzaldiaren izenburua Economia, cooperación y conciencia da, hitzaldia gazteleraz izango delako", gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak