Ekainaren 4an ere jostailu truke merkatua egingo dute

Eneko Azurmendi 2021ko mai. 11a, 10:40

Orain arte Gabonetan antolatu izan du Txatxilipurdi Elkarteak merkatu hori, baina oraingoan, uda sasoia aprobetxatuz, garai hauetako jostailuak ere atera gura dituzte plazara. Hori dela eta, maiatzaren 21ean jasoko dituzte, herriko hiru gunetan, eta ekainaren 4an jarriko dituzte eskuragarri, Monterron parkean.

"Etxean dauzkagun jostailuei begirada bat eman eta erabiltzen ez ditugunak beste batzuengatik trukatzeko aukera luzatu nahi dugu", adierazi dute Txatxilipurditik. "Edonolako jostailuak trukatu ahalko dira baina uda gerturatzen ari dela eta, Gabonetan gogoratzen ez garen jostailu mota horiek ere trukatzea proposatu nahi dugu. Hondartzan edo igerilekuetan erabili izan ditugun jostailu horiek: kuboak, palak, eskuare, kometak, urpean jolasteko jostailuak, ureztontziak , hondarretan jolasteko jostailuak, disko hegalariak eta abar".

Jostailuak egun bakarrean batuko dituzte

Oraingoan, baina, jostailuak biltzeko egun bakarra izango dute, "beraz, argi ibiltzea komeni da". Maiatzaren 21ean, egubakoitz arratsaldean, Arrasateko gune ezberdinetatik pasatuko da Txatxilipurdiko furgoneta jostailuak biltzen:

  • 16:30-17:30ak bitartean Sebero Altube plazan jasoko dira.
  • 17:45-18:45ak bitartean Santamarinako ludoteka aurrean.
  • 19:00-20:00ak bitartean Arimazubi plazan.

Azoka, ekainaren 4an, Monterronen

Jostailuen truke, txartelak banatuko dituzte, "zenbat jostailu, hainbeste txartel". Txartel horiekin, ekainaren 4an, egubakoitza, jasotako jostailuen artean beste batzuk aukeratu ahal izango dituzte herritarrek, Monterrongo parkean. "Bertan, jolasak azaltzeko eta elkarrekin jolasteko tartea hartuko dugu. 18:00etatik 20:00etara bitartean egongo gara eta segurtasun neurriak bermatuz, nahi duen orok parte hartzeko aukera izango du".

Hainbat jostailu ez dituzte onartuko 

Txatxilipurditik azpimarratu gura izan dute indarkeria sustatzen duten jostailuak ez dituztela onartuko, "ez eta irudi sinbolikoa dutenak ere, tartean pistolak, izan uretakoak edo ez". Bestalde, sexu bereizketa egiten duten jostailuak ere ez dituzte onartuko. "Eta nola ez, jostailuak egoera onean eta osorik egon beharko dira", gaineratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak