Markel Olanok Ikerlanen Arrasateko instalazioak bisitatu ditu

Txomin Madina Milikua 2021ko mai. 7a, 20:42

Diputatu nagusiak esan du "teknologia enpresetara transferitzearen" eredu dela Ikerlan, eta bertako lan ildoak "guztiz lerrokatuta" daudela azken urteotan garatzen ari diren Gipuzkoako etorkizuneko proiektu estrategikoekin.

Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olano eta Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatu Jabier Larrañagak Ikerlanen, Mondragon Korporazioaren zentro teknologiko kooperatiboaren Arrasateko instalazioak bisitatu dituzte gaur.

Hala, Aldundiak martxan dituen proiektuak eta lan ildoak partekatzeaz gain, foru arduradunek Arrasateko instalazioetan dauden lehen mailako laborategiak eta ekipamenduak ezagutu ahal izan dituzte.

Ikerlan, eredu

Olanok azaldu duenez, berrikuntza eta ezagutza aurreratua sortzea funtsezkoa da Gipuzkoako sendotasun industrialari eusteko eta lurraldeko sare ekonomikoa etorkizun handieneko sektoreetara bideratzeko. Gaineratu du Gipuzkoak I+G+b ekosistema "sendoa eta dibertsifikatua" duela eta Ikerlan jarri du "teknologia enpresetara transferitzearen" eredu gisa.

"Ikerlanen lan-ildoak guztiz lerrokatuta daude azken urteetan garatzen ari garen Gipuzkoako etorkizuneko proiektu estrategikoekin", gaineratu du diputatu nagusiak eta horren adibide jarri du Mubil mugikortasun adimendun eta jasangarriko zentroan duen parte-hartzea.

Ikerlanetik, bestalde, azpimarratu dute funtsezko partner teknologikoa direla Euskal Herriko eta bereziki Gipuzkoako enpresa traktore nagusientzat, eta eskerrak eman dizkiete Gipuzkoako Foru Aldundiari "urte hauetan guztietan jasotako lankidetzagatik eta emandako laguntzagatik". "Etorkizunean ere hala izatea espero dugu, Gipuzkoako eta Euskadiko industriaren erronkei aurre egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak