'Bakea, bizitza eta demokrazia Kolonbian' lelopean, elkarretaratzea egin dute Arrasaten

Jone Olabarria 2021ko mai. 7a, 19:06

Kolonbiako egoera salatu eta elkartasuna adierazteko asmotan, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean Arrasateko Herriko Plazan, Arrasaten bizi diren kolonbiarrek eta herriko beste hainbat talde eta eragilek deituta. Herritar ugarik hartu dute parte, eta bertaratu diren kolonbiarrak "oso eskertuta" agertu dira izandako babesarekin.

"Duqueren gobernuaren aldetik, poliziaren bitartez, Kolonbiako herria jasaten ari den errepresioa eta hilketa latzak salatzeko" deitu dute elkarretaratzea, eta herritar ugari izan dira bertan, "kolonbiar herriari babesa emateko". Ivan Duqueren gobernuak herriarekiko erakutsi duen jarrera salatu nahi dutela azaldu du elkarretaratzean parte hartu duen Jessica Vargasek: "Azken datuen arabera, eta nahiz eta datuak nahiko nahasgarriak diren, dagoeneko 38 pertsona daude hilda poliziaren errepresioagatik, desagertuak ehundaka dira eta emakumeen aurkako indarkeria asko handitu da, sexu eraso eta bortxaketak tarteko".

"Aberatsen zerga erreforma"

Duque presidentearen zerga erreformaren kontra egiteko apirilaren 28an milaka pertsona irten ziren kalera Kolonbian, "aberatsen" zerga erreformaren aurka: "Erreforma horren helburua Estatuaren diru-sarrerak handitzea da. Horretarako, lehen beharreko produktuen zergak eta zerbitzu publikoen zerga igo nahi ditu, pobreenak pobreago bilakatu, eta goian egin direnak goian mantenduz".

Herriaren babesa, "baloratua"

Herritar ugari gerturatu dira Arrasateko Herriko Plazara, erantzunarekin "oso babestuta" sentitu direla azaldu du Jessica Vargasek: "Deialdi txiki bat egin genuen sare sozialetatik eta herritarrak gerturatu eta babesa eman digutela ikustea izugarria da, bihotzez eskertu eta baloratzen dugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak