Txistuaren doinu alaiek eta danbolinaren kolpe leunek hartuko dute bihar eguerdian Kulturateko areto nagusia, musika tresna horiek jotzen dituzten Arrasate Musikaleko bandako kideek girotuko baitute auditoriuma. Eurekin batera igoko dira oholtzara Oihan Martinez eta Markel Iragi txistu ikasleak. Bi horiek, Juan Karlos Larreategirekin batera, Inazio Ansorenaren Xamurra eta Juan Inazio Ansorenaren Baionako martxa eta Trintxerpe piezak interpretatuko dituzte.
Musika eskolako txistulari bandaren ardura izango da Victor de Zubizarretak konposatutako Euskal rapsodia, Jesus Mari Bilbaoren Nire bihotzeko habanera kuttuna eta Boechiriniren Minuetoa aurkeztea. Emanaldi horretan ez dira fandangoak, arin-arinak eta sonatatxoak faltako, ezta bandako kide Domentx Uzinek konposatutako Askabeitti zortzikoa ere.
Urtean zehar entseguak "erregulartasunez" egiteko aukera izan du bandako txistu taldeak, eta kontzertua eskaintzeko "gogotsu" daudela aipatu dute.