Saloun jokatuko du MUk igoera fasea

Xabier Urtzelai 2021ko mai. 5a, 19:41

Ointxe! klubeko ordezkariek agerraldia egin dute Arrasateko Erdiko Plazan; maiatzaren 13tik 16ra bitartean Saloun jokatuko duten Zilarrezko LEB mailarako igoera fasearen berri ematea izan da helburua eta moreek ondoan izan dituzte babesle eta Udal ordezkariak. Multzoko txapeldun izan dira, baina orain dator onena.

Udazkenean, pandemia egoeragatik buruhauste bat baino gehiagorekin, Espainiako EBA kategorian 127 taldek hasi zuten txapelketa, eta arrasatearrek hamasei onenen artean amaitu dute liga erregularra, multzoko txapeldun izan dira, gainera. Eta orain dator saria. Hamasei talde onenek Zilarrezko LEB mailara igotzeko fasea jokatuko dute Saloun eta Valentzian, eta bost talderendako egongo da mailaz igotzeko txartela: "A taldekoek Saloun jokatuko dugu fase hori, eta B taldekoek Valentzian. Eta, Saloun lau taldez osatutako bi multzo izango dira. Hala, guztira hiru partidu jokatuko ditugu, eta multzo bakoitzeko onena mailaz igoko da. Bosgarren txartel bat ere egongo da jokoan, multzo guztien artean bigarren onenarendako izango dena", adierazi dute klubeko ordezkariek gaur Arrasateko plazan egindako agerraldian.

Oraindik, baina, arrasatearrek ez dakite datorren asteburuan Tarragonan jokatuko duten igoera fase horretan ze hiru talde izango dituzten aurrean, izan ere, multzo guztietan oraindik ez dute liga erregularra amaitu, oraingo asteburuan hainbat partidu erabakigarri daude, eta horiek jokatutakoan jakingo dute zeintzuk diren hamasei talde onenak.

Arrasateko taldeko zuzendaritzakoekin batera zenbait jokalari izan dira agerraldian, Martxel Balanzategi kapitaina, Andoni Atxa, Andoni Arantzabal eta Martin Buesa. Hain zuzen, Buesaren ekarpena ezinbestekoa izango da fasean, gasteiztarrak ohituta dagoelako halako hitzordu handietara, Urrezko LEB mailan jokatu zuen-eta.

Buesa, Aranzabal, Balanzategi eta Atxa, gaurko agerraldian egon diren jokalariak.

Eta, prentsaurrean ere euren babesa erakutsi diete Maria Ubarretxena alkateak eta taldeko babesle garrantzitsuena den Mondragon Unibertsitateko ordezkari izan den Idoia Peñakobak.

Bigarren urtez jarraian

Arrasateko taldearen lorpena ez da nolanahikoa, bigarren urtez izango dute mailaz igotzeko aukera, eta hain zuzen, lelo hori jarri diote aurtengo denboraldiari: Aurten ere bai!

Izan ere, iaz koronabirusak bapatean eten zituen liga guztiak, eta hor, Espainiako Federazioak Zilarrezko LEB mailan jokatzeko txartela eman zion MUri, multzoko lider zeudelako etenaldiaren aurretik. Baina orduan Ointxe! klubeko ordezkariek ez zuten pausoa eman. "Klubak, alde batetik, behar ekonomikoak eta, bestetik, joko-instalazioen inguruko baldintzak konpontzeko izan zuen denbora ezagatik, igoera hori bertan behera geratu zen. Aurten MUk bere merituengatik lortu du multzoko txapelduna izatea eta igoera fasean jokatzeko postua irabaztea. Bi aste baino lehen jakingo dugu klubeko zuzendaritza lanean hasi behar garen, hau da, datorren denboraldian Zilarrezko LEB mailan izena ematen duten Autonomia Erkidegoko kluben artean izango garen ala ez", adierazi zuen Oihane Agirre presidenteak. Urte arraroa izan da, zaleek ezin izan dute moreek egin duten urte ederraz kantxan gozatu, baina oraindik onena geratzen da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak