'Emakumeak protagonista' saioa, Mari Luz Estebanekin

Eneko Azurmendi 2021ko mai. 3a, 10:36

Arrasateko Emakume Txokoak antolatuta, Mari Luz Esteban Galartza antropologo eta aktibista feminista elkarrizketatuko du eguaztenean Maite Asensio kazetariak, haren ibilbidea gertuagotik ezagutzeko asmotan. Kulturateko areto nagusian izango da saioa, 19:00etan eta, ohi moduan, elkarrizketaren helburua izango da herrigintzan, askotariko eremuetan, emakumeek egiten duten lana ikusaraztea.

Mari Luz antropologoa eta aktibista feminista da eta Gizarte-Antropologiako irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitatean. Hain zuzen antropologia feministan, medikuntza antropologian eta gorputzaren eta emozioen antropologian da aditua. Hainbat liburu argitaratu ditu, tartean, Feminismoa eta politikaren eraldaketak saiakera, eta, azkena, Andrezaharren manifestua poesia liburua. "Bere jardunak, beraz, irakaskuntza, ikerkuntza, literatura eta konpromiso soziala bateratzen ditu", azaldu dute Emakume Txokotik.

Elkarrizketatzaileari dagokionez, Maite Asensio Lozano Berria egunkariko kazetari eta idazle feminista izango da. 2014an Argia saria jaso zuen kazetari jardunean genero-berdintasunean eginiko ekarpen guztiengatik, bere konpromisoagatik eta gizon eta emakumeen berdintasunari ematen dion garrantziagatik. Eta hori gutxi balitz, 2018an Arantxa Iraola Alkortarekin batera Alardeak, ukatutako plazara saiakera liburua argitaratu zuen.

"Horrela, bien arteko solasaldiak ikuspegi feministatik errepasoa egingo dio egungo egoerari eta horrekin batera, Mari Luz Estebanen lana eta ibilbidea ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen direnek".

Osasun egoera kontuan izanik, edukiera 70 pertsonara mugatuko dute eta iritsiera ordenaren arabera beteko dituzte eserlekuak.

Maiatzaren 19an, kabareta

Emakume Txokoak maiatzerako antolaturiko ekitaldien artean, halaber, hilaren 19an, Esnatu naiz kabareta eskainiko du Andoni Mutiloak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak