Ligako onenen artean arituko da Kanpanzar

Hasier Larrea 2021ko api. 30a, 14:01

Kanpanzar-Ordiziako eta Txingudiko jokalariak lehian. (Irudia: Ricardo Santa Maria)

Ordiziako klubarekin indarrak batuta, laugarren postuan amaitu dute aurtengo liga ARtko gizonezkoek, Durangoren, Sararen eta gernikaren atzetik; ondorioz, lau talde horiek elkarren arteko ligaxka jokatuko dute, zapatuan hasi eta ekainaren 20ra arte.

"Erdipurdi" hasitako denboraldiari tankera hartzen joan da astez aste Kanpanzar Arrasate-Ordizia, eta Txingudiren aurka lortutako azken jardunaldiko garaipenak sasoiko bigarren fasea sailkapeneko goiko aldean kokatu-takoekin lehiatzeko baimena eman zien. Julen Barrutia entrenatzaileak hainbat gako eman ditu taldearen bilakaera positiboa nolakoa izan den deskribatzeko orduan: "Gure ustez, Federazioak modu prezipitatuan eman zion hasiera lehiaketari; hau da, jokalariei behar bezala prestatzeko tarterik eman gabe. Horretaz aparte, ordiziarrekin orduantxe bat egin genuenez, jokalariek ez zuten elkar ezagutzen; beraz, aurkariak parean genituenean, gailendu egiten zitzaizkigun hasieran".

Joera hori, baina, atzean uztea lortu zuten denborarekin, errugbilariek elkarren artean konfiantza hartzeaz bat. Zazpi partidutatik hiru garaipen erdietsita, pilatutako 15 puntuak nahikoa izan zaizkie Barrutiak zuzentzen dituen mutilei liga lau onenen artean amaitzeko. Azken momentura arte saiatu behar izan dute, ordea. Apirilaren 17an, COVID-19agatik atzeratutako neurketa jokatu zuten Txingudirekin Mojategin; irabazlea goiko ligaxkara sailkatuko zen eta galtzaileak, berriz, beheko beste hiru taldeekin jokatu beharko zuen hurrengo fasea. Amaieran, 19-10 nagusitu ziren etxekoak.

Datorrena, "presio gabe"

Hala, denboraldia bukatu arte sei partidu jokatuko ditu Kanpanzar-Ordiziak, joaneko eta itzulerako neurketetan banatuta. Lehenengo hitzordua bihar eguerdian izango du Mojategin, eta Sarako Izarra izango du aurrean. Datorren astean zelai berean neurtuko ditu indarrak Gernikaren aurka, eta hurrengo hitzordua ez da maiatzaren 23ra arte iritsiko. Zaleen babesik gabe bada ere, denboraldiari modu duinean agur esaten saiatuko da ART.

Euskal selekzioaren deialdian

ARTk aste honetan jakinarazi duenez, harrobiko jokalari Morgana Via eta Ane Uribarren euskal selekzioaren 18 urtez azpiko taldearekin entrenatzeko deitu dituzte. Klubetik berri hau jasotzeaz "harro" daudela adierazi dute. Via hiru laurdenetako postuan ibiltzen da: "Bizkorra eta langilea" da. Uribarren, berriz, lehen lerroko jokalari "indartsua" da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak