Mugarri Ingou, gaztetuta, mailari eusteko urratsaren bila

Hasier Larrea 2021ko mai. 1a, 06:00

Euskadiko senior mailako plaza ez galtzeko bi neurketa jokatuko ditu; lehena, domeka honetan, Iturripen.

Beste kirol txapelketa askotan gertatu den bezala, eskubaloian ere liga formatua aldatu behar izan du aurtengo sasoian Euskal Eskubaloi Federazioak. Hala, gizonezkoen senior mailan, bi ligaxkatan banatu zuten lehiaketa eta Arrasateko taldeari B ligaxkan jokatzea egokitu zitzaion. Sei partidatatik bakarra irabaztea lortu du Mugarri Ingouk, eta, ondorioz, jaitsiera saihesteko kanporaketetan lehiatzen ari da. Lehen kanporaketa gaindituta, bigarrenari ekingo dio bihar: Urnietarekin neurtuko ditu indarrak, joaneko eta itzuliko partidu banatan. Lehena domekan jokatuko du, Iturripeko kantxan, 11:30ean, eta bigarrena datorren astean, Urnietan.

Euren aldeko emaitzak lortzen badituzte, datorren sasoian bermatuta izango dute maila berean jarraitzeko txartela. Baina kale eginez gero, goiko mailatik ze talde jaitsiko zain egon beharko lukete; euskal taldea izango balitz, kategoria galtzeko arriskuan murgilduko lirateke. Aurrekari modura, otsailean jokatu zuen Mugarri Ingouk Urnietaren aurka, baita irabazi ere.

Filosofiari eusten

Aurten partidu gutxi jokatzeak mesede handirik egin ez diela aipatu du Josu Herrero jokalari eta klubeko zuzendari teknikoak: "Beterano batzuek lehen taldea utzi, eta gazte mailatik hamar jokalari igo dira; gazteak minutuak izaten ari badira ere, denbora behar dute kategoriara moldatzeko, normala den bezala". Hala ere, belaunaldi aldaketarekin kluba "norabide onean" dagoela nabarmendu du: "Daukagunarekin aurrera goaz, eta datozen urteetarako blokea mantenduko dugula dirudi".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak