Joan den domekan amaitu zen AEDk antolatzen duen urteroko literatur lehiaketan sormen lanak entregatzeko epea. Itxaro Artola antolatzaileak aipatu du "aurten beldur pixka bat" izan dutela parte hartzeari dagokionez, "egungo egoerak behartuta, ikasleak arlo emozionalean pattal" egongo ote zirelakoan. Uste hori, baina, ezerezean gelditu zen, 2020an baino hogei lan gehiago jaso dituzte eta.
Hala, 33 bertsopaper, 19 narrazio eta 69 ilustrazio aurkeztu dituzte LH-5 eta DBH-2 mailen arteko sortzaileek; eta 17 mikroipuin, 19 poema eta bi komiki DBH-3tik batxilergoko bigarren mailara artekoek. Artolak nabarmendu du gazteak "motibatzeko" balio izaten duela egitasmoak: "Aurreko aldietako bi ohiko saridun, Maria Oses eta Oihana Arana, euren lan propioak argitaratzen ari dira gaur egun". Hain zuzen, Arana izango da maiatzaren 27ko sariketako gonbidatua. Saioa Abaok grabatu eta Goienak emitituko du.