"Pribilegio zuria" lantzeko barne hausnarketa saioa egingo dute maiatzaren 15ean

Eneko Azurmendi 2021ko api. 30a, 10:32
Mugimendu feministak Martxoaren 8aren bueltan otsailean egindako saioetako bat.

Arrasateko Mugimendu Feministak saio berezi bat antolatu du, "arrazakeriaren eta pribilegio zuriaren inguruan hausnarketa egiteko" asmotan. Saio irekia izango da, maiatzaren 15ean, 10:30ean, Kulturateko areto nagusian, eta herriko emakume guztiei egin diete deialdia. Edukiera mugatua izango da eta pribilegiozurialantzen@gmail.com helbidera idatzita eman beharko da izena, aurrez.

Adierazi dutenez, Emakume Mundu Martxako V. Ekintzaren baitan Euskal Herriko emakume migratu eta arrazializatuek prestatu duten materialari buruz hausnartzeko lehenengo saioa izango da. "Baina zer da pribilegio zuria eta dekolonitatearen gai hau? Azken urteetan indarra hartu duen gaia da Euskal Herriko Jardunaldi feministetan feminista zuriok interpelazio zuzena jaso genuenetik, baina gaia ez da berria, feminismo dekolonialak eta feminismo beltzak bi mende baino gehiagoko ibilbide luzea du", azaldu dute. "Urteak dira hainbat autore arrazializatuek adierazi digutela, sexu-genero ardatzaz haratago, badaudela gorputz ezberdinak zeharkatzen dituzten ardatz gehiago, hala nola, klasea, arraza, kapazitismoa, adina sexua, generoa, eta abar. Eta arrazakeria eta kolonialismoa begiratu ezean, sexu-generoari buruz egiten ditugun hausnarketak ez dituztela gorputz guztiak kontutan hartuko eta beraz, baztertzaileak izango direla".

Hausnarketarako hainbat galdera ere egin dituzte: "Mugimendu feministako emakume zuriok kristalezko sabaiari buruz hitz egiten dugunean gure lantegietan edo etxeetan garbiketa lanetan dauden emakume migratuen kristalezko sabaiari erreparatzen al diogu? Gure gorputzen jabe eta nahi bezala jantzi gaitezkeela adierazten dugunean, emakume musulmanez ere aritzen al gara? 'Emakume euskaldunak' esaten dugunean bertan mendeetan bizi diren emakume ijito euskaldunak ere irudikatzen ahal ditugu?".

"Pribilegio zuriaren kargu egin behar gara"

Nabarmendu dutenez, gizonezkoei haien gizon pribilegioa deseraiki behar dutela esaten dieten moduan, emakume zuriek ere ezinbestean haien pribilegio zuriaren kargu egin beharrean daudela. "Hau lehenengo urrats bat da, gure ezjakintasun guztiarekin hasi beharreko bidea. Material potentea dugu esku artean eta etxekolanak egiten ez hasteko aitzakia gutxi, beraz, animatzen zara gurekin bidea hastera?", egin diete dei emakume arrasatearrei. "Elkarrekin ikasiko dugu, ez dago aditurik, gure tripetara begiratu eta zer ikusten dugun baino ez, eta elkarrekin begiratzen ikastea da gure asmoa".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak