Herri barruan, gehienez, 30 kilometro orduko

Eneko Azurmendi 2021ko api. 28a, 13:03
Nafarroa Etorbidean dagoen radarra.

Astelehenean trafiko seinaleak aldatzen eta radarrak eguneratzen hasiko dira udal langileak. Izan ere, maiatzaren 10etik aurrera, 30 kilometro ordukoa izango da herri barruko gehienezko abiadura. Halere, salbuespen batzuk egongo dira, hala nola, Araba Etorbidea, Arrasate Pasealekua eta Aretxabaletarako irteerako zuzengunea.

Udaltzaingoak 2021ko lehen hiruhilekoan egindako esku-hartzeen berri eman dute gaur Maria Ubarretxena alkateak eta Zigor Andino udaltzainburuak, eta zirkulazioan egongo diren aldaketak ere aipatu dituzte. Hala, herri barruan ezingo da 30 kilometro orduko abiadura gainditu maiatzaren 10etik aurrera, salbuespenak egongo diren arren. Izan ere, Araba Etorbidean eta Arrasate Pasealekuan 20 kilometro ordukoa izango da gehienezko abiadura, plataforma bakarra delako, eta Aretxabaletarako irteerako zuzengunean, Meka izenez ezagunagoa denean, 40 kilometro ordukoa izango da abiadura maximoa.

Gazteluondon, zirkulazioa itxita egubakoitzean

Bestalde, Gazteluondon zirkulazio itxiera bat egongo da apirilaren 30ean, egubakoitza. Hau da, Arrasate Pasealekutik abiatuta, zirkulazioa itxita egongo da 12:00etatik 17:00ak arte, zuhaitzetan egingo dituzten lanak direla eta. Dena den, larrialdi edo ezinbesteko arrazoiren bat medio, kale horietan sartzeko beharra izanez gero, Udaltzaingoarekin harremanetan jartzeko aukera egongo da 943 25 20 10 telefonoan.

1500 esku-hartze baino gehiago

Arrasateko Udaltzaingoak, 1.500 interbentzio baino gehiago egin ditu 2021eko lehen hiruhilekoan, eta horietatik 435 izan dira koronabirusarekin lotutakoak. Pandemiaz aparte egindako 1.111 esku-hartzeetatik 55 salaketa jaso dituzte, horietatik 52 ondare ebazpenak edo ebazpen sozioekonomikoak: zortzi, ebasketagatik; hemeretzi, jabetza publiko edo pribatuan eginikoak kalteengatik (fatxadak, leihoak, autoetako ispiluak...); hamabost, iruzurragatik eta lau, alkohola eta drogak kontsumituz gidatzeagatik.

COVID-19aren alorrean egindako 435 esku-hartzeetatik, gehienak kontrolak egitea eta pandemia kontrolatzeko ematen zaizkien lanak izan direla azaldu du udaltzainburuak. "Horiez gain, 178 zehapen proposamen aurkeztu ditugu, gehienak maskara gabe ibiltzeagatik eta etxeratze agindua ez errespetatzeagatik".

Otsailaren 4ko interbentzioa

Prentsa agerraldian, "interbentzio berezi" bat ere azpimarratu gura izan du Andinok. "Otsailaren 4an, bi udaltzainek bi pertsona atxilotu zituzten, osasun publikoaren aurkako delitu bat egotzita. Pertsona horietako bati bere motxilan sustantzia begetal bat aurkitu genion, 1.775 gramo. Ustez, marihuana zen. Atxilotu ostean, Ertzaintzara bideratu ziren. Ekintza horren ondorioz, bi udaltzain zauritu ziren eta ospitalean artatu behar izan zituzten".

Kriminalitate-tasak, behera

Arlo administratiboan 388 interbentzio egin dituzte eta horietatik 179 segurtasun arlokoak izan dira, liskarrak, ebasketak, abisu faltsuak edota kalte materialak. Hala ere, kriminalitate-tasa 7,05 puntu jaitsi dela nabarmendu du Andinok, hau da, %35,77tik %28,72ra. 

Era berean, kriminalitate mailaren baitan, asko hazten ari den delitua da Internet bidezko iruzurrarena. "Txarteleko datuak baliatuz erosketak egitea, esaterako. Igoera nabarmena izan da, %200ekoa", dio Andinok. "Beraz, kontuz ibiltzeko deia egiten diegu herritarrei".

Trafikoan, 146 esku-hartze

Trafikoari dagokionez, 146 esku-hartze egin dituzte. "Trafiko laguntzak 68 izan dira eta 43 istripu ere bai. Hildakorik ez da egon eta gehienak zauritu arinak edo zauritu gabeak izan dira. Halaber, oinezkoen bi harrapaketa ere egon dira. Kontuan hartu behar da, ukitu txiki bat izanda ere, guri deitzen badigute, istripu gisa hartzen ditugula", gaineratu du udaltzainburuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak