Maiatzaren 8an Kurtzetxikira eta Udalatxera igotzeko deia egin du Sarek

Eneko Azurmendi 2021ko api. 27a, 19:35

Aldai parkean egin du prentsa agerraldia Arrasateko Sarek.

Izan bidea ekimenaren baitan, urriaren 3an egitekoak ziren bi mendi igoera egingo dituzte maiatzaren 8an eta tontorretan argazkia aterako dute, 12:00etan. "Udalatxera igotzeko Aita Menni ospitalean elkartuko gara 9:00etan Kepa Arronategi gaixo eta presoak etxean egon behar duela aldarrikatzeko", azaldu dute prentsa agerraldian. Kurtzetxikira igotzeko, berriz, Biteritik irtengo dira, 10:30ean.

"Ekintza hau korrikalariak eta mendizaleak aurkezten ari gara. Mendian edo korrika sentitzen dugun askatasuna maite dugu eta zaila egiten zaigu irudikatzea nola egon daitekeen hainbeste urte espetxean eta hain egoera gogorretan", adierazi dute. ETAk indarkeria utzi zuenetik hamar urte igaro direnean, espetxeetan COVID-19a eta konfinamenduak egoera "okertzea" ekarri duela diote. Horrez gain, Sareko kideen esanetan, pandemiak ziurgabetasuna muturrera eraman du preso zein senideentzat. "Milaka kilometro egin behar dituzte euren senideak ikusiko dituzten jakin gabe. Egoera tamalgarri hau amaitu behar dugu eta horretarako guztiok gara ezinbestekoak", aldarrikatu dute, herritarrei igoera hauetan parte hartzeko deia eginez.

Esan moduan, Udalatxera igo baino lehen, 09:00etan, Aita Menni ospitalean elkartuko dira, eta Udalatik 10:30ean abiatuko dira Udalatx aldera, han argazkia ateratzeko. Kurtxetxikira igotzeko, aldiz, Biteri plazatik irtengo dira 10:30ean. Bi tontorretan 12:00etan aterako dute argazkia.

Izan bidea ekimena, urtebete martxan

Iazko udaberrian eman zion hasiera Sarek Izan bidea ekimenari eta erronka da Euskal Herriak dituen adina biztanle kilometro egitea: 3.127.326 kilometro. Era berean, Euskal herriko 650 mendi tontor egiteko asmoa zuen Sarek urriaren 3rako, baina eguraldi txarra zela eta, maiatzaren 8ra atzeratu zuten. "Dagoeneko iritsi da eguna! Eta hemen gaude erronkari heltzeko prest!", aldarrikatu dute.

Elkarbizitza, konponbidea eta bakea lortzea da egitasmoaren helburua eta, horretarako, salbuespenezko legedia amaitu eta lege arrunta betetzeak lagunduko lukeela nabarmendu dute Sareko kideek. "Larri dauden presoak etxean nahi ditugu eta preso guztiak Euskal Herriko espetxean egotea ezinbestekoa da. Espetxea araudian garbi zehazten diren gauzak besterik ez dira. Era berean, legea aplikatuz, hiru laurdenak eta abar, preso kopuru handia kalean, etxean egon beharko luke".

"Euskal Herrian eta kalean behar ditugu"

Onartu dute azken hilabeteetan presoen inguruko mugimendu asko ari direla gertatzen. "Gero eta jende gehiago dago Euskal Herritik gertu eta gutxi batzuk bertan ere bai". Hala ere, Unai Parotek oraindik preso jarraitzen duela deitoratu dute, nahiz eta Leonera eramango dutela iragarri. "Unaik 31 urte daramatza espetxean eta zigorra beteta du. Kalean egoteko baldintza guztiak betetzen ditu. Bigarren graduan sailkatu dute eta irteteko baimenak ere izan beharko lituzke. Ea ba, hori ere laster ikusteko aukera dugun. Baina asko dira oraindik Madrildik behera daudenak eta guk hemen eta kalean nahi ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak