Metatutako energia kostua eta kontsumoa murriztu egin dira azken hiru urteetan

Eneko Azurmendi 2021ko api. 27a, 17:34

Arrasateko Udalak jakitera eman duenez, 2017-2020 urte artean, metatutako energia kostua 255.145,53 euro murriztu da eta kontsumoa, aldiz, 1.447.217 kWh gutxiagokoa izan da. "2017ko abenduan, esaterako, kostua 78.947 eurokoa zen eta kontsumoa 433.659 kWh-koa, eta, 2020an, 51.298 eurokoa eta 328.699 kWh-koa izan da".

Udalak azaldu duenez, trantsizio energetikora bidean azken urteotan egindako lana fruituak ematen ari da. "Horren adierazle dira, esaterako, azken urteetan metatutako energia kostuan zein kontsumoan lortutako jaitsiera datuak".

Urtetik urterako eboluzioari erreparatuz, COVID-19aren eragina nabarmendu dela aitortu du Udalak, 2019tik 2020ra egon baita "saltorik handiena". Guztira 158.000 euro baino gehiago jaitsi da energia kostua eta 875.629 kWh konsumoa. "Edozein kasutan, urtetik urtera, lehen zein azken hiruhilekoko gastu eta kontsumoan eman da jaitsierarik handiena, horiek izanik, gainera, eguraldia eta argitasuna medio, energia kontsumo handiena eduki ohi dugun hilabeteak".

Kaleko argiterietako inbertsioen emaitzak

Bestalde, kale argiterian egindako hobekuntzek emandako emaitzak ere azpimarratu ditu Udalak. "Azken urteetan 2.110 luminaria ordezkatu dira, –4.550etik–. Udalak arreta berezia eskaintzen dio kale argiteriaren hobekuntzari, energia eraginkortasun horren aldeko bidean, egungo argiteria LED argiteriarengatik aldatzeko inbertsioak eginez".

Inbertsio horien emaitza dira, Udalaren esanetan, 2017tik 2020ra kostua 197.335 euro jaitsi izana eta kontsumoa 1.569.212 kWh gutxiagokoa izan izana. "Kasu honetan, gainera, COVID-19ak ez du inolako zer ikusirik, argiteria pizteko ordutegia berdin mantendu baita beti".

"Azken urteotan lortutako datuak positiboak eta bide onetik goazenaren adierazle dira. Arrasate herri jasangarria eta ingurumenarekiko edota ekologiarekiko arduratsua izatea nahi dugu eta bide horretan, energia eraginkortasuna funtsezkoa da", adierazi du Victoriano Fuentes Obra, Zerbitzu ta Mantenu zinegotziak.

Argiteria hobekuntzak Bedoñaben

Udalak 30.000 euro bideratuko ditu aurten Bedoñabeko argiteria aldatzera –268 luminaria aldatu eta LED argiengatik ordezkatuko dituzte–, aurreko urteetan BAZen edota Erguinen egin moduan. "Esaterako, Erguin eskolan egindako inbertsioari esker, bost hilabetetako epean energia kostua 1.748 euro murriztu da eta kontsumoa, aldiz, 5.691 kWh".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak