Bi artista lagunen lanak, 'Fereka' liburuan batuta

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2021ko api. 25a, 09:33

Maria Oses eta Libe Argoitiak argitaratu dute Fereka liburua.

Maria Osesek idatzitako testu laburrekin eta Libe Argoitiaren ilustrazioekin osatu dute Fereka liburua, eta egileak "oso eskertuta" daude argitaratu ahal izateko jaso duten "laguntzagatik"; maiatz hasieran izango da Arrasateko denda eta tabernetan erosgai.

Literatura lehiaketa asko irabazi ditu Maria Osesek, eta hainbat kantu musikatu ere bai. Lagun duen Libe Argoitia, berriz, trebea da marrazten eta margotzen. Orain dela bi urte, elkarrekin zerbait egiteko gogoa piztu zitzaien, eta hala sortu dute ilustratutako testu laburrekin Fereka liburua.

Testu eta irudi sorta zabala

Aurrez idatzita zituen testuak eskatu zizkion Osesi, eta hala hasi zen Argoitia horiek irudiekin janzten. "Irakurritakoaren nire interpretazioa margotu dut batzuetan, eta, beste hainbatetan, Mariari galdetzen nion ea zer zuen buruan testu hori idazterakoan, eta hortik marrazteko beste pista batzuk aurkitu ditut. Marrazkiek hainbat interpretazio izan ditzakete nola eta nork begiratzen duenaren arabera. Koadernoan ideia batzuk izaten ditut jasota, baina, askotan, marrazkia bukatzen denerako hasierako ideia hori asko aldatzen da. Egindako zirriborroak Mariari erakutsi, eta biok batera osatu ditugu irudiak, azkenean".

Garai ezberdinetako askotariko testuak direla dio Osesek: "Orain dela urte batzuetatik hona idazten joan naizen testu bilduma da; 30 inguru izango dira, eta denetarikoak daude gaiari eta formari begiratuta; testu laburrak dira, poesia eta prosa. Gaiak, berriz, egunerokotasunarekin lotutakoak, heriotzari buruz ere badago, kontraesanei buruzkoak ere bai, eta baita absurdoak ere".

Libe Argoitiak eta Maria Osesek egin dute Fereka liburua.

Laguntza eskaerak, harrera ona

Liburua ateratzea ez zen hasierako asmoa, baina, egindako lanak ikusita, irailean erabaki zuten argitaratzea. "Gorabehera handiak izan dira prozesuan. Lan askorekin ibili garen garaietan proiektua geldirik egon da; ekainean hasi ginen finkatzen eta irailetik hona jarraikortasun gehiagorekin heldu diogu".

Inprentan dago une honetan; maiatz hasieran liburua eskuetan izango dutela agindu diete. Autoekoiztua da eta argitaratu ahal izateko laguntza eskatu dute sare sozialetan. "Harrituta eta eskertuta" daude jaso duten erantzunarekin: "Ikaragarria, espero baino hobea izan da harrera. 15 euroko ekarpena proposatu genuen, eta jasotako diruarekin osatu dugu aurrekontua. Liburua jaso bezain pronto hasiko gara liburuak laguntzaile horiei bidaltzen", dio Osesek, eta zera gaineratu du Argoitiak: "Gauza txikia izango zela pentsatu genuen eta ale gutxi ateratzeko asmoa genuen, baina arrakasta handia izan du eta oso eskertuta gaude".

Salmenta tokiak oraindik guztiz zehaztu barik duten arren, herriko tabernetara eta dendetara eraman nahi dutela diote: "Arrasatez gain, Gasteizen, Donostian eta Bilbon ere saltzeko asmoa dugu".

Gustuko elkarlana

Elkar ondo ezagutzen eta ulertzen dutela diote, eta, horregatik, oso samur eta gustura egin dutela elkarrekin estreinakoz proiektu bat. "Besterik izango den? Ez dakigu oraindik, baina asko ari gara gozatzen honako honekin".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak