Dantzatu madarikatuok! diskoak iradokitzen duen moduan, gerria mugitzera animatuko ditu ikusleak, eserita bada ere, musika beltza eta elektronikoa uztartzen duen Assata boskote arrasatearrak, AGAKOk biharko –12:00etan hasita– gaztetxean bertan antolatu duen egitarauaren baitan. Arkaitz Biain abeslariak aipatu du "ilusio handiz" jaso zutela kontzertua jotzeko gonbidapena: "Gu geu ere gaztetxearen parte izan garen heinean". Are gehiago, "talde txikiek" publiko aurreko emanaldi "murritzak" eskaintzen dituzten garaiotan "etxean jotzea luxua" dela esan du Biainek. Lan luzeko kantuez gain, abesti berri batzuk eta bizpahiru bertsio ere aurkeztuko dituzte, gainera.
Assatarekin batera igoko da oholtzara Gasteizko Haizea & Ningra rap bikotea. Biainek berak aitortu du "gustu handiz" partekatuko dutela agertokia eurekin: "Urtarrilaren 2an ikusi nituen zuzenean; proposamen indartsu eta aldarrikatzailea dario euren estiloari, eta datozen urteetan zeresana emango dutelakoan nago". Kontzerturako sarrerak agortuta daude jada.
Joan den zapatuko Gala-Galantan ere egon ziren Assatako musikariak. Biainen esanetan, "AGAKOk eta AGAk urteetan egindako lanari balioa emateko egitasmo ederra izan zen, eta agerian gelditu zen egungo lan-taldeak egin duen esfortzua, dokumentalaren eta liburuaren kaleratzearekin".
Arratsaldean, "Monterronen"
Euririk egiten ez badu egun berean Monterron parkean sorpresaz betetako ekitaldia egiteko asmoa du AGAKOk, 30. urtemugari amaiera emateko.