AGAKO inoiz baino osasuntsuago, Amaia gaztetxe bihurtu duten galan

Amaia Txintxurreta Guridi 2021ko api. 18a, 12:04

Hainbat belaunalditako jendea bildu du AGAKOk, bere 30. urteurrena ospatzeko antolatu duen galan. Sarrera guztiak agortuta, 300 lagunek bizi ahal izan dute taldearen urteotako ibilbidea jasotzen duten liburuaren eta dokumentalaren aurkezpena. Asko izan dira gainera, ikus-entzunezkoa ikusi ostean, hunkituta irten direnak, Amaia antzokia gaztetxe bihurtu duten ospakizunean.

Dotore jantzita joateko deia egin zuen AGAKOk, taldearen 30. urteotako ibilbidea ospatzeko antolatu duten galara, eta herritarrak Maritxu Kajoi egunean jantzi ohi izan dituzten arropak jantzita joan dira. Segurtasun neurri guztiak beteta, gaztetxe bihurtutako Amaia antzokira sartzean, photocall bat izan dute, talde txikietan argazkiak ateratzeko.

Behin barrura sartuta, ikus-entzule bakoitzaren eserleku gainean zegoen jarrita ekitaldian aurkeztera zihoazen liburua. Justu-justu, baina azkenean garaiz iritsi da AGAKOren 30 urteotako argazkiak eta gorabeherak jasotzen dituen liburua.

Iker Barandiaran izan da ekitaldian hitza hartzen lehena eta lehenengo bi hamarkadetako istorioen kontakizuna egin du. Gero, Ainhoa Aranak hartu du erreleboa eta azken urteotako istorioak kontatu ditu. Garazi Barrena musikariaren bi abestiz gozatzeko aukera ere izan da.

Ospakizuna antolatzen ibili diren taldekideek, berriz, omenaldi xume bat jaso dute; arrosa bana banatu diete lagunek, txalo zaparrada batez betetako momentuan, eta oholtza gainean besarkadak eta negar malkoren bat ere ikusi ahal izan dira.

Horren ostean, garai desberdinetan AGAKOko kide izan diren protagonisten ahotsak jasotzen dituen dokumentala aurkeztu dute. Hori ere txalo artean. Hiru hamarkada hauetan izan diren gaztetxeak eta horiek lortzeko izandako tirabirak, bakoitza aurrera eramateko egindako lanak, norberaren bizipenak... askotariko istorioak jaso dituzte, irudi zahar eta berriagoekin.

Asko izan dira ekitalditik hunkituta irten diren herritarrak, eurendako AGAKOk zer esan nahi duen hausnartzeko gogoz irten direnak.

Antolatzaileen esanetan pandemiari "esker" izugarrizko memoria lana egin dute, liburua eta dokumentala argitaratzeko. Izan ere, pandemiagatik ez balitz, seguru aski behintzat, taldearen 30. urteurrena bazkari erraldoi batekin eta kontzertuekin ospatuko lukete. Aurten ezin izan dute horrela ospatu, baina betiko geldituko zaie urteurrena gogoratzeko eta bidean zehar pasa dituztenak gogora ekartzeko liburua eta ikus-entzunezkoa.

Erlazionatuak

Gala Galanta, argazkitan

Amaia Txintxurreta Guridi 2021 api 18 Arrasate

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak