Apirilaren 23an ospatuko den Liburuaren Egunari begira, apirila eta maiatza artean antolatutako ekintza bereziak izango dira Kulturateko eta Santa Marinako biblioteketan.
Orotariko eskaintza
Gaztetxoekin egin zen bezala, 16 urtetik gorakoek izango dute oraingoan Bookface argazki lehiaketan parte hartzeko aukera, hilaren 19tik maiatzaren 9ra bitartean. Egitasmoa datza aurpegia edo gorputzeko beste edo-zein atal liburu baten azalean agertzen den irudiarekin bat egitean. Argazkiak kulturate@arrasate.eus helbidera bidali beharko dira, parte hartzailearen datu pertsonalekin batera.
Bestalde, datorren ostegunean, hilak 22, Rodarika. Zaku bete ipuin izeneko ikuskizuna eskainiko du Miren Larreak eta Ion Chavezek. Gianni Rodari idazlearen Telefonozko ipuinak bildumatik ateratako ipuin laburrak proiektore baten laguntzarekin kontatuko dituzte, irudi eta imajinazioaren bitartez Rodariren pertsonaien mundu bisualera murgilduz ikuslea. Kulturaten izango da hori, 18:00etan, eta 5 urtetik gorakoek eman ahalko dute izena aurrez.
Gainera, hilaren 28an, 18:00etan, Maite Frankok Zorte txarreko otsoak ipuin kontaketa eskainiko du Santa Marinan, 3 eta 4 urte arteko umeentzat, eta hor ere aurrez eman behar da izena.
Azkenik, Roberto White clown eta titiritero argentinarrak Izaki bereziak gorputz txotxongiloen ikuskizun mutua eskainiko du Kulturaten, maiatzaren 7an, 19:00etan, 16 urtetik gorako publiko helduari begira