Musikaldiak ibilbide luzea du Arrasaten, eta, urteak pasa ahala, "erreferentziazko jardunaldi" bilakatu dela diote antolatzaileek. Iaz, bertan behera gelditu zen pandemiagatik, baina aurten egitasmoarekin "aurrera egitea" erabaki dutela adierazi du Ramon Mendietak, Kultura zinegotziak.
Hala, sei emanaldiko eskaintza egongo da gaurtik hilaren 25era bitartean, 19:00etan hasita. Metamorfosia izeneko txistuaren eta pianoaren arteko fusioa eroango dute Garikoitz Mendi-zabalek eta German Olazabalek gaur Kulturateko areto nagusira, eta oraindik sarrerak gelditzen dira Udalaren webgunean.
Bihar, Musikenen zaildutako Aris hirukotearen txanda izango da, eta etzi, Asturiasko Entrequatre gitarra laukotearena. Kontzertu horren harira, Karmelo Alberdi kultura programatzaileak aipatu du "maila handiko talde horrek Aita Madinak sortutako obrak" eskainiko dituela, besteak beste.
Herriko musikariak, ere bai
Arrasate Musikaleko hari instrumentuekin osatutako orkestrak ekingo dio, gaur zortzi, jaialdiaren bigarren asteburuari. San Frantzisko elizan izango da kontzertu hori. Musika es-kolako zuzendaria, Marta Eizagirre, "eskertuta" agertu da berriz ere Musikaldian euren tokia izango dutelako: "Urte zaila pasa dugu, tartean hilabete batzuk egon garelako entsea-tu ezinik, baina aurrera jo dugu". Hurrengo egunean, hilak 24, Musikenetik datorren beste hirukote gazte batek joko du Kulturaten, Azul hirukoteak, hain zuzen. Eta jaialdiari amaiera emateko, KUP taldea igoko da hurrengo domekan San Frantziskoko oholtzara. Aipatzekoa da abesbatza horretan bailarako ordezkariek ere parte hartzen dutela.
Kulturateko kontzertuak doakoak dira, eta San Frantziskokoek bost euro balio dute. Udal webgunean eskura daitezke sarrerak.