Aita Menniko langileek greba egin dute gaur, hirugarrenez

Mirari Altube Arrese 2021ko api. 15a, 12:33
Aita Menniko langileek egindako elkarretaratzea Arrasateko plazan. Argazkia: ELA sindikatua.

Grebak izandako jarraipenarekin pozik agertu da ELA eta langileak egiten ari diren gatazka "eredugarritzat" jo. Gaurkoarekin hiru dira dagoeneko Aita Menniko langileek egindako greba egunak eta aurrekoan izandako jarraipena handitu egin dela adierazi dute, "enpresaren zuzendaritzaren jarrerari erantzun irmoa emanez".

ELAk adierazi du Enpresa Batzordea duela hilabete bildu zela zuzendaritzarekin eta ordutik, enpresaren erantzunik ez dutenez, grebarekin jarraitzea erabaki dutela langileek. Lan baldintzak hobetzeko borrokan hiru urte daramatzatela gogorarazi du sindikatuak eta onartezintzat jo ditu enpresa hori osatzen duten 500 langileek dituzten lan baldintza prekarioak: "Zuzendaritzak azken lau urtetan 10 milioiko inbertsioak egin ditu, milioika eurotako irabaziak dauzka eta langileen baldintzetan ez da inoiz inbertitzen".

Pertsonal gutxirekin lan karga handiei egin behar izaten dietela aurre salatu dute: "Askotan langileen segurtasuna eta osasuna bermatzeko neurririk gabe". Eta gaineratu dute pazienteen zaintzaren kalitatea bermatzeko ezinbestekoa dela langileen baldintzak hobetzea. Prekarietateak emakume aurpegia duela ere adierazi dute, Aita Mennin ere emakumeak direlako langileen gehiengoa.

Langile gehienek kalera irtetea hautatu dutela beste behin adierazi dute ELAtik nahiz eta "Eusko Jaularitzak ezarritako zerbitzu minimoak oso altuak izan" . Erakutsitako babesagatik eskerrak eman gura izan dizkiete Arrasateko pentsionisten plataformari, Itaiari, Arrasateko Martxoak 8 plataformari eta Arrasateko gazte asanbladari.

Enpresari eskatu diote langileen baldintzak hobetzeko "benetako urratsak" eman ditzala, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari ere gatazkan eskuar dezatela esan diote.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak