Espainiako II. Errepublikaren aldarrikapenaren 90. urteurrena gogoan izan dute Arrasaten

Mirari Altube Arrese 2021ko api. 14a, 15:53

Ezker Anitza-IU Debagoienak eta PCE EPK-k bandera errepublikanoa igo dute gaur eguerdian, Arrasaten, eta errepublikaren aldeko aldarria egin dute elkartutakoek.

Ekitaldia Ezker Anitza-IUren egoitzaren kanpoaldean izan da eta Isabel Salud Ezker Anitza- IUko koordinatzaile nagusia izan dute gonbidatu. 2021eko apirilaren 14a egun garrantzitsua dela adierazi dute, 90 urte bete direlako II. Errepublika aldarrikatu zenetik: "Demokraziari eta justizia sozialari dagokionez aurrerapen izugarria izan zen prozesu historikoa".

Etorkizunaren eta itxaropenaren sinonimo dela Errepublika adierazi dute eta, horregatik, herrialde errepublikano baten alde lan egiteko unea iritsi dela gaineratu, guztien arteko "zerumuga" eraikiz: "Errepublikaz hitz egitea justizia soziala bandera bihurtzen duen herrialde ekologista, feminista eta pluralaz hitz egitea da. Errepublikaz hitz egitea eskubide sozialez eta langileen eta herri-sektoreen bizi-baldintza duinez hitz egitea da. Errepublikaz hitz egitea justiziaz, demokraziaz eta askatasunaz hitz egitea da".

"Herrialde-proiektua" eta "estatu-eredua" modu parte-hartzailean eraikitzearen alde agertu dira: "Errepublika gehiengoen proiektu herrikoia baita, herritarren eguneroko kezkekin konektatzen duena". Hala, herrialde "justuagoa, demokratikoagoa eta anaitasunezkoagoa eraikitzen" jarraitzeko apustu sendoa berretsi du Ezker Anitza-IUk.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak