IRIS ziurtagiria lortu du Ekidek, trenbide sektorean kalitatearen kudeaketa egokia ziurtatzen duena

Mirari Altube Arrese 2021ko api. 13a, 07:55

Aenorrek emandako IRIS ziurtagiria (International Railway Industry Standards) eskuratu du Ekide enpresak, trenbide sektorean kalitatearen kudeaketa egokia ziurtatzen duen egiaztagiria hain zuzen ere.

Ekide Groupek adierazi du IRIS ziurtagiria lortzeak hainbat helburu estrategikori erantzuten diela, eta horri esker trenbide sektoreko eskari gero eta handiagoari erantzun ahal izango diola: "Berme hori edukitzeak, UNIFEk (trenbide hornidurako enpresen Europako elkartea) babesten duena eta bezero askok baloratzen dutena, merkatuan dugun lehiakortasuna hobetzen du".

IRIS ziurtagiriak zabaldu egiten duela kalitatea kudeatzeko sistemei buruzko ISO 9001 araua adierazi dute, Ekidek lehendik zeukana, trenbide sektoreari aplika dakizkiokeen betekizun bereziak jasoz. "Gainera, arreta berezia jartzen du proiektuen kudeaketan, zaharkitzearen kudeaketan, RAM (Reliability Availability Maintenance and Safety) eta LCC (Life Cycle Cost) estrategietan, hornidura-katean edo prozesu berezien baliozkotzean, besteak beste", diote enpresako ordezkariek. Eta gaineratu dute enpresaren lehiakortasuna hobetzea ekarriko duela araua modu eraginkorrean ezartzeak, hori "onuragarria izanik bezeroendako, hornitzaileendako zein langileendako".

Era berean, berretsi dute trenbide sektorean garrantzi handiko ziurtagiria dela, eta nabarmendu Euskal Autonomia Erkidegoan zortzi enpresak bakarrik dutela hori.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak