Tartalo pertsonaia mitologikoaren alderdi beldurgarria osagai umoretsuekin ordezkatu du produkzio digitalak ikuskizun bilakatzen dituen Logela Multimedia konpainiak. Elorrioko taldeak Yoko eta lagunak, Gartxot eta halako marrazki bizidunen gidoilari izandako Edorta Barruetabeñaren laguntza eduki du Tartalo, gaztaren sekretua izeneko kontaketa organikoa moldatzeko orduan. "Gure obran, Tartalo mundu koloretsu eta dibertigarri bateko gaztagilea da, eta umeei gazta nola egiten den irakasten die koreografien eta antzezpenen bitartez", adierazi du Ander Garaizabalek, Logelako kideak. Beraz, tentsioa baino gehiago, neska-mutilek "poza eta lasaitasuna" sentituko dutela ziurtatu du Garaizabalek.
Lengoaia eszeniko "berezia" daukala ere aipatu du Logelakoak: "Hiru aktore eta bi teknikari elkarrekintza etengabean daude obran, argien, soinuaren, irudiaren eta ekintzaren arteko sinkronia mantentzeko". Koreografia landua ere badaukate, antzezlanean taularatuko dutena –esteka honetan dago ikusgai–.
Hilaren 27an, 17:00etan hasita, egongo da nahasketaren emaitza Amaian ikusteko aukera.