Ipar martxa eta udaletxera bisitak, Aste Santuko turismo planeko nobedadeak

Hasier Larrea 2021ko mar. 25a, 17:32

Herriko historia eta natura jarriko ditu erdigunean Arrasateko Udalak Aste Santuetako turismo planean. 'Arrasate, gertuko turismoa' lelopean, bisita gidatuak eta mendi ibilbideak antolatu ditu tokiko garapen sailak, herrian bertan zein herritik kanpo bizi direnak erakartzeko asmoz.

Pandemiagatik mugikortasuna mugatuta dagoenez,  “inoiz baino garrantzizkoagoa” iruditzen zaio Udalari Arrasateko altxorrak ezagutaraztea. Aurten gainera, nobedadeak izango ditu turismo eskaintzak. Horietako bat Nordic walking edo ipar martxa delakoa izango da, eskian erabili ohi diren antzeko makilen laguntzaz oinez eta aire librean burutzen den kirol jarduera. Udala auzoko aparkalekuan hasiko dute ibilaldi gidatu hori, apirilaren 5ean, goizeko 11etan. Makilak eramatea gomendatu duten arren, ez dituenari utzi egingo dizkiote.

Beste nobedade bat Udaletxeko bisita gidatuak izango dira. Interesa dutenek aukera polita izango dute pasarte historiko eta politikoen lekuko izan den eraikina ezagutzeko. Apirilaren 3an eta 10ean egingo dira bisitok, lau ataletan banatuta: 10:00etan euskaraz, 10:45ean gazteleraz, 11:30ean euskaraz eta 12:15ean gazteleraz.

Beste bi bisita historiko ere egingo dituzte. Arrasate monumentala eta gehiago izenburupean, Apirilaren lehenean, herriko plazatik abiatuko dira historiaurretik aro berrira arteko Arrasateko historiaren pasarte garrantzitsuenak errepasatzeko. Euskarazko saioa 10:30etan hasiko da, eta gaztelerazkoa, 12:30etan.

Apirilaren 2an, berriz, Arrasateko industria ondarea izango dute mintzagai, industrializazioak Arrasaten izandako eragina azaleratzeko. Hau ere herriko plazan hasiko da, 10:30etan egingo dute euskarazko bisita eta 12:30etan gaztelerazkoa. 

Mendi ibilbideei dagokienez, Udalatxeko zonalde karstikoa eta antzinako meatzaritza aztarnak ezagutu nahi dituenak Gongetako meatzeetara egin ahalko du ibilaldi gidatua, apirilaren 11n, 9:00etan hasita, Udala auzoko goiko aparkalekutik.

Apirileko lehen domekan izango da, ostera, Galarrako kobara joateko hitzordua. Udalatxeko bihotzaren barrualdeari buruz jakin nahi duenak, 9:00etan jasoko ditu euskarazko xehetasunak, eta 11:00etan gaztelerazkoak, abiapuntua Meatzerreka elkarteko aparkalekua izango delarik. 

Plaza mugatuak

Biztanleen Arreta Zerbitzuan edo Udalaren webgunean Udalaren eman daiteke izena dagoeneko aipatutako turismo eskaintza aprobetxatu nahi duenak. Ekintza guztiak segurtasun eta higiene neurriak hartuta egingo dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak