Zailtasunak gaindituta, etorkizuna bermatuta du Toki Argik

Eneko Azurmendi 2021ko mar. 29a, 09:22

Ezkerretik eskumara, Ramon Hidalgo, Enrique Reyes, Bernardo Rodriguez, Martin Garcia, Vicente Fernandez, Elvita Renda eta Marijo Diez.

"Desagertzeko zorian" zegoen erretiratuen elkartea, zuzendaritza batzordean erreleboa falta zutelako. Zorionez, baina, kide berriak lortu dituzte eta elkarteak bizirik jarraituko du, martxoaren 18ko batzar orokorrean errelebo hori gauzatu ostean.

Zuzendaritza batzorde berria dauka Toki Argi erretiratuen elkarteak, martxoaren 18az geroztik. Zortzi kidek osatzen dute batzordea: Ramon Hidalgo, presidentea; Marijo Diez, presidenteordea; Enrique Reyes, idazkaria; Vicente Fernandez, diruzaina eta Bernardo Rodriguez, Gregorio Fuentes, Demetrio Gil eta Martin Garcia, bokalak.

Horietako hiru, lehendik ere batzordeko kide ziren, Fernandez, Gil eta Garcia, hain zuzen. Gainontzekoak, berriak dira.

Bestalde, orain arte idazkari kargua eduki duen Elvita Renda izan da elkarteak erreleboa izan dezan indar gehien jarri duenetako bat, Fernandezekin eta Garciarekin batera. "Elvitak adierazi zigun, batzorde bat osatzen ez bazen, elkartearen etorkizunak ez zuela batere itxura onik", azaldu du orain idazkari den Enrique Reyesek.

Hori dela eta, pausoa ematea erabaki zuten. "Ez genuen hau ixterik nahi. Azken batean, auzoko jende nagusiarentzat leku ezin hobea da denbora pasatzeko, lasai egoteko, sozializatzeko eta, noizean behin, bidaia batzuk egiteko. Hori hala izanik, pena ematen zigun itxi behar izateak eta, pixkanaka, taldea osatzea lortu genuen. Bazkideak asko poztu dira gu zuzendaritza batzordera sartu garelako, batzarrean txalo zaparrada jaso genuen eta horrek poz handia ematen digu guri ere", gaineratu du.

LEHENGO EKINTZAK BERRESKURATZEN HASI GURA DUTE APURKA, PANDEMIAK BALDINTZATU ARREN

Egun, 390 bazkide inguru ditu

Elkarteak, tabernaz gain, bulegoak eta bi areto ditu goiko solairuan, eta behekoan, ludotekarekin batera, eskulanak egiteko beste gela bat ere bai. Gaur egun, 390 bazkide inguru ditu. "Kuota batzuk ordaintzen dituzte eta diru hori, besteak beste, bidaiak eta ekintzak antolatzeko erabili izan dute, dantza saioak, karta jokoak edota bingoa, esaterako. Orain, pandemia dela eta, bingoa berreskuratzeko baimenak eskatuta ditugu Udalean. Bestalde, zine emanaldiak ere egin gura ditugu. Edukiera kontrolatu egin beharko dugu eta oraindik ez dakigu zenbatekoa izango den".

Erreleboa hartu ostean, martxan

Behin erreleboa hartu ostean, martxa hartzen ari da batzorde berria. Espazioa berritzen eta egokitzen ere ari dira eta horren erakusle da, esaterako, kanpoko paretan egingo duten murala. "Parte-hartze txukuna izaten ari da, herritarrak ari dira apurka botoa ematen". Bestalde, kanpoko arbolak "nahiko ustelduta" daude eta berri batzuk jartzeko eskatuko diote Udalari.

Gainera, batzordea utzi duen arren, urte luzez elkartearen mesedetan lanean aritu izan den Elvita Renda ere kide berriei laguntzen ari da, erreleboa "behar bezala" egin dadin. "Berak daki hoberen honek nola funtzionatzen duen", dio Reyesek. "Orain, lehendik geratu direnek eta sartu garenok, elkarlanari ekin behar diogu. Elkarrekin, gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzeko".

'Distrito 33'

Garai batean Distrito 33 izenez ezaguna zen eremuko herritarrak dira elkarteko erabiltzaileak, hau da, Santa Teresa, Santa Marina, Agerre, Galizia, Doneztebe Portuko, Obenerreka eta Makatzena kaleetakoak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak