Saioako karatekak maila onean aritu dira asteburuan

Eneko Azurmendi 2021ko mar. 23a, 09:42

Getxon eta Illescasen (Toledo) lehiatu dira asteburuan Saioa Karate Taldeko ordezkariak. "Murrizketek eta neurriek markatu duten urte zail baten ostean, maila ona eta aurrera jarraitzeko gogoa erakutsi dute karatekek. Gogor entrenatzen segi behar dugu", azaldu du Carlos Sanchez entrenatzaileak.

Zapatu goizean, Getxon, Espainiako Txapelketarako aurre-aukeraketa jokatu zuten, eta Irati Izurrategi aritu zen saio horretan, kata zein kumite modalitateetan. "Lan handia egin zuen, nahiz eta gainontzekoek erakutsitako goi maila dela eta, oso zaila den aukeratua izatea. Hautatzaileen esku dago erabakia".

Arratsaldean, berriz, Illescasen, AIDIS-Nisseishi 2021 txapelketa jokatu zuten, eta Espainia mailako klub askok hartu zuten parte –300 karatekatik gora–. Jon Torres (Junior -55kg.) eta Danel Izurrategi (Kadete -63kg.) aritu ziren. "Jonentzat lehen txapelketa zen junior mailan. Borroka ona egin zuen, baina 2-0 galdu zuen eta gero bigarren aukerarik gabe geratu zen", dio Sanchezek.

Danelek, bestalde, torneo "bikaina" jokatu zuen, aurkako puntu barik eta borroka guztiak irabazita. "Galdu zuen borroka bakarra epaileek erabakitakoa izan zen, borroka 0-0 amaitu ostean. Aurkari horrek irabazi zuen gero txapelketa. Horri esker, Danelek bigarren aukera eduki zuen, brontzezko domina lortu ahal izateko, eta baita lortu ere".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak