Agertokietara itzulera, lan berria aurkezteko

Maialen Santos 2021ko mar. 19a, 12:27

Konpost taldeko kideak; tartean, Txerra Bolinaga arrasatearra –ezkerretik eskuinera, hirugarrena–. (Argazkia: Konpost)

Konpost musika taldeak joan den asteburuan aurkeztu zuen taldearen izen bera daraman lehen lana, Jimmy Jazz aretoan eskainitako kontzertuan. Gasteizko taldeko kideetako bat da Txerra Bolinaga arrasatearra, RIP taldeko bateria-jotzaile ohia.

2018an sortu zuten Konpost taldea Ruben Sanchezek (ahotsa eta perkusioak), Jon Aranburuk (gitarrak, mandolina, perkusioak, ahotsak), Bingen Mendizabalek (zazpi sokako biolina) eta Txerra Bolinagak (bateria, ahotsak). Ia hiru urte geroago, 2021eko martxoan, kaleratu dute taldearen izen bera daraman lana.

Ibilbideak elkartuta

Taldekideek lehendik ezagutzen zuten elkar; izan ere, beste hainbat proiektutan ibilitakoak dira denak, eta "aurrekoetatik hartutakotik" lan berria egin nahi izan dutela aitortu du Txerra Bolinaga arrasatearrak.

Joseba B. Lenoirren laguntzaz ekoiztu dute hamar kanta dituen lana, eta Erraiak diskoetxearekin kaleratu dute. Adierazi duenez, post folk eta post pop musikan oinarritutako diskoa sortu dute. Arlo ugari jorratzen dituzte Ruben Sanchezek sortutako letretan: badira bi kanta iraganaz hitz egiten dutenak, eta blues ukitua dute. Kanta eszeptikoak eta distopikoak eta eroagoak ere badaude, eta baita maitasunari eta sexuari kantatzen diotenak, eta Gasteiz alternatiboari edo lan ez egiteari kantatzen diotenak ere. Horretaz gain, hip-hopera eta reggaera edo skara hurbiltzen denik ere bada diskoan.

Grabaketa, "prozesu luzea"

"2019an hasi ginen diskoa grabatzen, baina, gitarra-joleak izandako istripu bat medio, gelditu egin behar izan genuen", aitortu du arrasatearrak. Hori gutxi balitz, lanari berrekin eta gutxira iritsi zen koronabirusaren pandemia, eta horrek berriro oztopatu zuen taldearen lana. "Etengabean joan zitzaigun lana atzeratzen. Iaz maiatzean aurkeztu gura genuen diskoa, baina ez zen posible izan", azaldu du. Eta gaineratu: "Argi genuen diskoa ateraz gero, aurkeztu egingo genuela. Ez genuen gura diskoa esku artean izan eta aurkeztu ezin izatea".

Lan berria, aurkeztuta

Joan den zapatu arratsaldean Gasteizko Jimmy Jazz aretoan aurkeztu zuen taldeak disko berria. RIP taldeko bateria-jotzaile ohiak adierazi du gustura daudela kontzertuak emandakoarekin: "Pandemia osteko lehen kontzertua izan zen, eta oso gustura geratu ginen egindako lanarekin. Hamalau hilabete generamatzan agertoki bat zapaldu gabe". Hori gutxi balitz, ikus-entzuleak ere "inplikatuta" azaldu ziren: "Ikusi nuen giroagatik, esango nuke ikusleek disfrutatu egin zutela, eta hori ere ezinbestekoa da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak