Kaleko 590 banku inguru berregokituko ditu Arrasateko Udalak udarako

Hasier Larrea 2021ko mar. 18a, 11:30

Bi banku, Santa Marina kalean.

Obra, zerbitzu, mantentze eta auzoen Sailak herriko bankuen mantentze eta garbiketa plan berezia jarri du martxan. Udal brigadako langileak eta Lanbideren lan eskaintzaren bitartez kontratatutako pintoreak hasiak dira lanok egiten, eta guztira 100 banku baino gehiago txukundu dituzte jadanik.

Udara begira "Arrasate ederrago bat" aurkezteko helburuz, herriko banku eta eserleku publikoak egoera "ezin hobean" jarri nahi ditu Arrasateko Obra, zerbitzu, mantentze eta auzoen Sailak. Lan talde horren buru den Victor Fuentes zinegotzi sozialistak adierazi du "udaberriaren eta eguraldi onaren etorrerarekin", bizilagunak kalera aterako direla. Zinegotziak gaineratu du "bizi dugun pandemiarekin eta herritarrak kalera gero eta gehiago aterako direla jakinda, Arrasate garbi eta itxura ederrarekin egotea" nahi dutela.

Lanak egiteko, lehenik bankuak brigadaren instalakuntzetara eramaten dituzte, bertan egurrak atera, lixatu eta margotzeko. Ondoren bankua bere jatorrira itzuli eta bertan muntatzen dute.

Ia 600 bankutatik, 100 baino gehiago konponduta

Udal brigadako langileek eta Lanbideren bitartez kontratatuko pintoreek bankuen mantentze lanei ekin diete dagoeneko. Zehazki ondorengo guneetako bankuak berregokitu dituzte: 10 banku Donestebe portuko kalean, 20 Santa Teresa kalean, 11 Naosantiago kalean, 16 Musakolako Jubilatuen plazan, 4 Toki Argi atzekaldean, 2 Itxaropena plazan, 8 Uribarriko elizaren atzekaldean, 6 Arruena parkean, 9 Obenerreka kalean, 6 Munar kalean, 4 Zarugalden, 9 Antso Abarkan, 2 Bedoña auzoan eta beste 2 Zuberoa kalean. Orotara, 100 banku baino gehiago, beraz.

Datozen asteetan jarriko dira Erdiguneko, Zarugaldeko, Munarreko, José Luis Iñarrako, Ospitaleko, Zalduspeko, Santa Teresako, Santamarinako, Obenerrekako, Makatzenako, San Andreseko, San Joxepeko, Musakolako, Erguingo, Usaetxeko, Gorostizako, Uribarri etorbideko, Uribe auzoko y Arimazubiko gainontzeko bankuak txukuntzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak