SGAE Fundazioak eta AEOSek lankidetzan egiten duten programaren xedea urtero sei obra sinfoniko sortzea da, eta konpositoreak aukeratzeko, orkestretako kideek egindako proposamenak biltzen dituzte. Hala, Bilbao Orkestra Sinfonikoak proposatuta, Beatriz Arzamendi izango da aurtengo konpositoreetako bat.
2021eko abenduaren 15a izango da bere lana aurkezteko azken eguna, eta gutxienez 12 minutuko lana egin beharko du. Gainera, argitaratu gabea izan behar da; hots, inoiz jendaurrean erakutsi gabekoa.
Arzamendik, ibilbide luzea
Beatriz Arzamendik (Arrasate, 1961) biolina ikasi zuen Madrilgo Goi Mailako Musika Kontserbatorioan, eta bertan, Konposizioko Goi Mailako Irakasle (Ohorezko Aipamena), Orkestrako Zuzendaritza, Abesbatzako Zuzendaritza eta Biolin, Solfeo, Musikaren Teoria, Transposizio eta Laguntzailetza tituluak lortu zituen.
Ondoren Madrilgo Musika Aholkularitzan aritu zen, eta 2010az geroztik, Kanaleko Antzokietako Musikaren sailean dihardu koordinatzaile gisa. Horrez gain, Musikako Emakumeak Elkarteko lehendakariordea ere izan da, eta ehun obra baino gehiago konposatu ditu.