Lehenengo fasea porrotarekin itxi du Mondratek (3-4)

Josu Bilbao Atxutegi 2021ko mar. 13a, 19:58

Arrasateko taldeak 3-0eko aurrea hartu du markagailuan, baina Jaixkik emaitza irauli eta garaipena eskuratzea lortu du bigarren zatian (3-4). Hala ere, Mondrate taldeko lider bezala sailkatu da bigarren fasera.

Taldeko lidergoa eta bigarren faserako txartela ziurtatuta zituen Mondratek neurketa hasi aurretik, baina Jaixkik bigarren postua zuen jokoan, eta hori dela eta, lehia polita izan da Musakolako kantxan.

Lehenengo zatia zuri-moreena izan da. Neurketaren kontrola izan du etxeko taldeak, eta Jaixkiren lehen aukera argiaren ostean, kontraerasoan, heldu da Mondrateren lehen gola (1-0) 5. minutuan. Presio altua bikain egin dute zuri-moreek eta markagailuan aldea handitzeko abagune oso argi bi izan dituzte norgehiagokako 9. minutuan. Aukerak sortu eta sortu egin dituzte arrasatearrek, eta atsedenaldia heldu aurretik 2-0ekoa ezartzea lortu dute.

Bigarren zatian, neurketa berotzen joan da, batez ere Jaixkik jokoan zuelako sailkapeneko bigarren postua, eta epaileak txartel hori ugari atera ditu, protestak ere ugari izan dira-eta. Mondratek hirugarrena sartzeko aukera argia izan du, baina baloiak langan jo ostean, ez da argi gelditu marra guztiz zeharkatu duen ala ez, eta epaileak ez du 'gola' balekotzat eman. Hala ere, bigarren zatiko 5. minutuan, atezainarekin buruz-buruko eder baten ostean etxekoek 3-0ekoa lortu dute.

Orduan etorri da Jaixki areto futbol taldearen iraultza, jokalari-atezain estrategia erabili dute-eta berde-beltzek. Estrategia hori baliatuta, ia minutu bakarrean bi gol eskuratu dituzte kanpokoek, eta neurketa berotzen joan da, gero eta gehiago. Mondratek penaltia eskatu dute eskuarekin argi jo duenean baloia Jaixkiko jokalari batek, baina epaileak ez du ezer adierazi. Horrela, sei minuturen faltan berdinketa eskuratu dute, 3-3, eta zuri-moreek ez dituzte ondo kudeatu azken minutuak. Jaixkiko jokalariek konfiantza hartu dute, eta bukaerarako lau minutu gelditzen zirenean, azken 3-4koa ezarri dute Musakolako markagailuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak