Eneko Haritza ipuin kontalariak 5 urtetik gorako haurrentzat moldatutako ipuinak eroango ditu Kulturateko bibliotekara martxoaren 16an. Ordubete inguruko saioan, "ondarea, kolorea eta zaporea biziberritzeko" aproposak diren euskal ipuin herrikoiak eta munduko herri ipuinak kontatuko ditu.
Hitzen jolasarekin arreta piztea maite du Haritzak; erritmoz eta doinuz kontuak "kantatzea", hitzekin irudiak imajinatu eta modu horretan entzuleak ipuinari bizia ematea, istorioari, hizkuntzari eta ahotsari "garrantzia emateaz" ahaztu gabe.
Euskal Herriko mito, ipuin eta kondairen jakitun da kontalaria, eta izaki guztien larruan jartzea gogoko du; laminen, Basajaunen, Tarttaloren eta Mariren berri izango dute, beraz, hitzordura gerturatzen direnek.
Horretarako, aurrez eman beharko dute izena haurrek, udal bibliotekaren webgunean. Santa Marinako auzo bibliotekan ere izango da entzuteko aukera, hilaren 24an.